Hau guztia bukatzen denean iraulketa ideologiko handia egongo omen da, askoren aburuz, mundu zabalean. Liberalismoaren ageriko porrotak sozialdemokraziaren berpizkundeari utziko omen dio tokia, nahiz eta formulazio berrien aterkipean etorriko den. Hala uste dute, behintzat, egun hauetan Trump bezalako agintariak neokeynesianismoa besarkatzen bozkarioz ikusten ari direnek. Urrutiago doazenak ere ez dira gutxi eta sozialismo eredu berriak abian jartzeko beta izango dela pentsatzen hasiak dira. Bata izan, bestea izan edo hirugarren aukeraren bat izan, pentsatzekoa da gutxienez osasungintza publikoari eta ikerketari, besteak beste, eskaintzen zaizkion baliabideak asko handitu beharko direla hemendik aurrera.
Bizitzen ari garenari esker, hau guztia bukatzen denean gauza asko orain arte baino serioago hartzen hasiko garela ere iragartzen hasiak gara. Klima aldaketarena dugu batez ere hizpide gisa horretan mintzatzen garenean. Ez da zaila ondorio horretara iristea, ezta erakunde eta pertsona askoren jarrerak errotik aldatuko direla aurreikustea ere, izan gaitezen baikor.
Hau guztia bukatzean, krisi izugarri honek egunero sortarazten dizkigun zalantza, eztabaida –sarri geure buruarekin ere baditugunak– eta zenbait egonezin patxadaz mahaigaineratu eta gogoeta sakonak egiteko aukera ere izan beharko genuke. Herritar gisa komunitatean jokatu behar dugun papera; geolokalizazioa bezalako kontrol eredu berriak; telelanaren onurak eta kalteak; sare sozialen erabilpen ez beti zintzoa; militarren zeregina… zerrenda luzea egin genezake, askorentzat txikikeriak izan izango diren gaiak barne. Baina inoiz ahaztu gabe krisi garaietan ezinbestean sartzen dizkiguten –eta onartzen ditugun– hainbat jarrera, ohitura eta ikuspuntu gure artean gelditzen direla, krisi garai horietan azaleratzen ditugun balio positibo asko baino errazago, tamalez. Hori baita hau dena bukatzean daukagun arriskuetako bat, hain zuzen ere: elkartasuna, elkarlana, kohesioa eta indartuta ateratzen ari diren hainbat balio poliki-poliki itzaltzen joatea.
Bai, ni ere sinetsita nago hau dena bukatzean ez dela mundua berdina izango. Handiegia da birus maltzur honek ekarri diguna, hau dena bukatzean gauzak lehenera itzul daitezen. Baina kontuz, duela hamabi urte hasi zen krisi ekonomiko itzelean murgilduta geundela ere iragarpen potoloak irakurri eta entzun genituen iritsiko zen mundu berriari buruz. Ez dakit bakarra naizen pentsatzen duena, ñabardurak ñabardura, bertsua zela krisia gainditu ahala sortzen ari ginen mundua; ez genuela gehiegi ikasi, alegia. Ahuntzak mendira jotzeko duen joera bezala, mandoak bezain egoskor, gu ere abiapuntura iristen ari ginela. Ea hau guztia bukatzean ez den berdina gertatzen eta, oraingoan bai, hurrengo belaunaldiei mundu hobea uzteko gai izaten garen.