'A hard rain's a-gonna fall'

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2025ko api. 4a, 00:00

Izenburu bat hautatu behar eta, A complete unknown izan da Bob Dylani buruz egin den azken filmaren izena.

Like a Rolling Stone kanta famatuari erreferentzia zuzena egiten dio; beharbada, kantuan dena galdu duen neskaren istorioaren antzeko zerbait irudikatu nahi delako filmean. Aspaldiko partez zinemara gerturatzeko aitzakiak sasoi hartako Dylanen diskoak behin eta berriz entzuten utzi naute, eta, hara, A hard rain's a-gonna fall kantuan kateatuta geratu naiz.

Beharbada, kantu horren izenburuak aurreikusten duen eurite gogorra izan da lehen adierazlea. Klima aldaketaren adierazleetako bat bada euria egiteko era nahasi berria, eta neurak astindu nau.

Ondoren ohartu naiz kantuko haurraren bidaiaz. Triste dauden basoak, itsaso hilak... bisitatu ditu haurrak, eta bertan ikusten dituenak kontatzen dizkio galdezka duen agureari. Ikusi ditu haurrak milaka hizlariren mingain hautsiak, odolez zikindutako mailuak gizonen eskuetan... eta entzun ditu milaka xuxurlari inor entzuten ari ez den gela baten edo jendea barrez gose den baten aurrean, trumoi handi baten arrisku hotsa. Elkartu da gorputza erretzen ari zaion emakume batekin, bai eta ostadarra oparitu dion neskato batekin ere. Hori dena kontatu ondoren, euria hasi aurretik berriro irtengo dela aipatzen dio agureari. Ikusitakoak kantu baten bildu eta mendi gailur baten abestuko dituela, euria gogor hasi aurretik.

Bada, kantu horrek 62 urte dituela pentsatzen jarri, eta niretzat, behintzat, ez du batere gaurkotasunik galdu. Adibidez, aitzakia bikaina da gogorarazteko 2025eko otsaileko batez besteko tenperatura industrializazio aurreko garaiarekin alderatuta 1,59 gradu beroagoa izan dela. Apenas egin duela elurrik. Kantuaren zenbait pasartetan bezala, eurite gogorraren aurretik milaka xuxurlarik esaten dutena inor entzuten ari den galdetzen diot neure buruari, kantuko haurra bezala ozeanoak gu irentsi aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak