Norbanako bezala lokalki ditugun ardurak hartu, eta globalki, erantzuleei erantzukizunak eskatuz.
Baina urrats horiek nola egin behar diren erabakitzerakoan sortzen den talka oso desberdin sumatzen da norbanako bakoitzaren perspektibatik. Ea azalpenarekin asmatzen dudan.
Ez da berdina Atxorrotxetik Anbotora begiratzea edo alderantziz. Atxorrotx Anbototik harri koxkor bat besterik ez da. 738 metroko garaiera du Atxorrotxek; 1.331 metrokoa Anbotok. Ez daude eskala berean, eta, gehiengoarentzat, oharkabean igarotzen den harkaitz bat besterik ez da Atxorrotx.
Historialari baten begietatik, aldiz, Atxorrotxeko gailurrak, bertan dagoen aztarnategia kontuan hartuta, oso txiki uzten du Anboto. Hots, eskala, neurtzeko moduak eta norbanakoak determinatzen dutela.
Trantsizio energetikoari edo landaguneari buruz hitz egiterakoan eskalak eta perspektibak ere izugarri baldintzatzen gaituztela garbi dago. Gai biak perspektiban galduta daude askorentzako, Anbototik Atxorrotx bezala.
Klima larrialdiari buruz duela mende erdi baino gehiago ohartarazi gintuzten zientzialarien perspektiba dut nik gogoko.
Lehenik, aldaketaren eragin okerrenak arintzeko trantsizio energetikoaz gain, gobernantza ereduak eta indarguneek aldatu beharra dutela adierazi izan dute. Gero, noizbait, zibilizazio ekologikorako eta ekonomia ekologikorako trantsizioa burutu nahi baldin badugu, behintzat. Bide hori garapen jasangarriaren teilatupean soilik ez da gertatuko, desazkundearen parametroetan baizik.
Trantsizio energetikoaz soilik hitz egitean ez dugu erronkaren eskala osotasunean onartzen. Perspektiba mugatzen zaigu, eta karbonozko ikusmen tunela delako fenomenoan erortzen gara.