Bizirautearen albo-kalteak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2023ko eka. 2a, 00:00

Edozein gauza edo bizidun multzori buruzko iritzi bat eraikitzerakoan oso garrantzitsua da multzoa bera zein den ongi zehaztea.

Ikerketan erabili ohi den adibide batekin ongi ulertzen da hori.

Katuak oso trebeak omen dira garaiera handietatik jauzi eta bizirauten. Albaitariarengana eramandako katu zauritu ugariren kasuak aztertu ondoren, seigarren pisutik gorako garaieratik jauzi egindako katuek garaiera txikiagotik jauzi egindakoek baino zauri txikiagoak zituztela egiaztatu zuen ikerketa batek. Seigarren pisutik behera eroriz gero, katuek ez omen zuten denbora nahiko erlaxatu eta lurreratzea prestatzeko. Baina adi, ikerlariek ez zituzten kontuan hartu erortzean hildako katuak, eta jauzi egin ez zutenak ere ez. Beraz, biziraun zuten katuetara soilik mugatzen da ondorio hori, eta ezin daiteke esan katu guztiak trebeak direnik.

Hauteskundeak pasa direla aprobetxatuta, hona hemen datozen lau urteetan ordezkatuko gaituzten pertsonei egingo zaien azterketari buruzko gogoeta.

Hasteko, kontuan izan, adibideko katuen antzera, hautetsiak jauzi egin duten zure herrikideak direla. Lau urtez bizirauten saiatuko dira, agintean edo aginteari aurre egiten. Azterketa horretan, seigarren pisutik gora jauzi egin dutenei agintzeko aukera emango zaie, eta besteei ez.

Hausnarketa horren emaitza gaurtik badakigu. Askok ondorioztatuko dute zinegotziak botere goseak, berekoikeriak eta beste hainbeste gogo ilunek bultzatuta sartu direla politikan, eta, beraz, lan eskasa egingo dutela. Beste batzuek egindako lanaren aitortza helaraziko diete, edo, behintzat, saiatu izanarengatik merezi duten esker ona. Berdin dio irabazi edo ez.

Datozen lau urteetan zure herriko udaletxera begiratzerakoan gogoan izan adibidean jauzi egin ez zuten katuak. Ikergai den multzoa jendartea bera bada, gu jauzi egin ez dugun jendarteko pertsonak baikara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak