Zer behar da?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2022ko uzt. 15a, 00:00

Zer behar da? izenburua du etxeko txikien ipuinetan kuttunetariko batek. 

Bertan ageri diren collage zoragarriei begira lokartzen gara maiz, edo, bestela, ederki kateatuta dauzkan esaldiekin jolasean gaudela. Zer behar da mahai bat egiteko? Hori da erantzun beharreko galdera.

Gianni Rodarik zuraz eraikitako beste edozein altzari hautatu zezakeen, baina ez, mahaia hautatu zuen. Maite ditugunekin otordu goxoak egiteko mahaia, edo, beharbada, maite ez ditugunekin elkarrizketarako mahaia. Tailerreko mahaia edo zure bulegoko mahaia, sormena edo beharra gauzatzeko erabiltzen duzun ohol zati hori. Zenbat kontu mahai baten bueltan!

Gertuko ospakizunek eta berriro elkartzeak sortzen duten poza tragedia eta estutasun ekonomikoen apokalipsi aldarriarekin nahasten ari zaizkigu azken hilabeteetan. Pentsatzen jarri, eta hauetako asko ere mahai baten bueltan erabakitzen edo garatzen direla konturatuko zara.

Etxeko txikiek bezala, nik ere mahaia kontu material bat bezala ulertzen nuen, Rodariren ipuina enegarren aldiz irakurri arte. Irakurketa asko izango diren arren, askok mahaia dugu egunerokotasunean pertsona bezala garatzeko erabiltzen dugun jokaleku edo habitata. Pentsa esna gaudela zenbat denbora gauden mahai bueltan. 

Baina Rodarik gogoeta hau guztiau gainditu, eta mahaia eraikitzeko zer behar dugun galdetzen digu, bai eta bikainki erantzun ere.

Mahai bat egiteko, nahikoa da lore bat.

Lore batean sortutako hazi batetik ernatuko baita ondoren mahaia eraikitzeko zura emango duen zuhaitza. Bestela esanda, ekintza edo gauza txiki eta xume eta eder batek gure egunerokotasunean hainbesteko garrantzia duen ingurunea sortzen du.

Zahartu ahala galtzen dugun etxeko txikien logika sinple horrek txunditu egiten nau. Ez dakit egoera pre- edo post-apokaliptikoan gauden, baina sasoian gaudela baliatuz, lore bila noa haurrekin, ea zer-nolako mahaiak sortzen dituzten!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak