'Ixixa pun'

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2021ko mar. 26a, 00:00

Etxeko diktadore txikietan handienak horrela esaten du zerbait edo norbait erortzear egon denean: ixixa pun. Aitortu beharra dut iturri desberdinetan murgildu ondoren, eta nire sorpresarako, ondo esanda omen dagoen esaldia dela; ez dago gaizki 2 urteko kaka-ume batentzat!

Kontua da jendarteari buruz erreflexio bat egitera bultzatzen nauela aldiro. Zenbat aldiz izan gara ixixa pun horretan? Bukaezina da zerrenda: gatazka armatu, krisi ekonomiko, larrialdi klimatiko, hilobiz betetako hondartza, tontosterona biktima… Ez al gaude beti ixixa pun?

Kontua da ideia kate horretan ondorio batera ere heltzen naizela, eta ez dakit nola esan, baina esango nuke ez naizela puntu horretara heldu den lehena, ezta azkena ere. Ea ondo azaltzen dudan. Euskaltzaindiaren arabera, pun eztanda baten edo kolpe baten hotsaren onomatopeia omen da. Hala, pun egiten du deseraikitze prozesuan dagoen zerbaitek kolpe desberdinak jasotzean. Erortzen den zati bakoitzak egiten du pun.

... eta erortzean berriro jaikiz.

Eta orduan, ixixa-ixixa ibili beharrean, zergatik ez dugu nahita pun egiten? Eta hor azaleratzen zait ondoriorik kuriosoena. Bene-benetan uste dudana da ixixa horretan kateatuta gaudela, adrenalina horrek egiten digula pun, bai eta engantxatu ere. Amildegi ertzetik ibiltzeak, noizean behin pun, noizean behin ixixa. Noski, hemen kontua da amildegi horren ertzean gauden jakitun izan behar dugula, pun horren beldurrak sortutako zirrara sentitzeko. Eta aipatu bezala, ez dago amildegi bakar bat.

Aspaldian ikusi ez dudan umorista baten txiste bat izango balitz bezala hartzen dut kontua: …esto es pa’l@s niñ@s. Jendarteak burutzen dituen ekintzen oinordeko izango baitira gaur egungo umeak. Txiste txar baten umorez ere bai: negar egin aurretik, nork ez du barre egiten erori ostean pun egiterakoan?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak