Lerrook idazterakoan, CO2 balantzean katramilaturik ei zeuden han bildutakoak. Gabonak ate-joka ditugula, ea gogorarazten diguten gure hiperkontsumismoak duen eragina.
CO2 balantze neutroa lortzearen helburua 2050erako ari dira finkatzen. Ordurako, lurra, batez beste, hiru gradu beroago egongo da. Adibide ugari ditugu mundu mailan. Groenlandiak duen izotz geruza, adibidez, duela 30 urte baino zazpi aldiz azkarrago ari da urtzen.
Karbono balantze neutroa lortu ahal izateko emisioek eta CO2 metaketek parean beharko lukete. Asko hitz egiten da basoek balantze honetan duten paperaz. Hainbesteraino, landareen oinarrizko funtzio bat, CO2 metaketa, merkatu produktu bilakatu baita. Horrela, kutsatzaileak bere burua zuritzeko aukera izan dezake zuhaitz gutxi batzuk besoetan hartuta. Merkatu berri honek eztabaida ugari sortu ditu. Batzuek irudi kudeaketa ariketa bat besterik ez dela uste dute; beste batzuek, herrialde garatuek beraien nagusitasuna bermatzeko beste estrategia bat, garapen bidean dauden lurraldeen etorkizuna oztopatzen duena. Bihar baso gehiago izanagatik ere, ez da larrialdi klimatikoa samurtuko isurketek maila berean jarraitzen badute. Kontsumo arduratsuak soilik izango du nolabaiteko eragina.
Baina bada biharko basoak nolakoak izango diren aurreikusteko garaia. Ziurgabetasunez beteriko garaia dakar munduaren berotzeak. Muturreko lehorte eta haizeteak eta izurrite eta gaitzen gorakada dira aurreikusten diren mehatxu nagusiak. Eta, klimaren auzian bezala, ikerlarien kontsentsua zabala da, soilik bioaniztasun handiko basoek bermatzen baitute aldaketa handien aurrean behar den egokitzapen ahalmena.