Baina Greta Thunberg suediarrak beste inork baino hobeto asmatu du klima aldaketaren gaian gure kontzientziak astintzen.
Ekintza eta hitz egokiak, eskolan egon behar luketen gazteen jazarraldiak, eta datuak, bueltarik ez duten datuak, behin eta berriz plazaratu ditu Gretak. Hemen eta han. Lurra berotzen ari da. Asko edo gutxi, baina berotuko da. Eta horrek neurrigabeko kalteak ekarriko dizkigu bertan bizi garenoi. Kalteak gutxitzeko neurriak eskatzen ditu Gretak.
Eta, egia, askorentzat txarra.
Frantziako Nazio Biltzarrean izan zen uztailaren 23an Greta. Eskuineko politikari batzuek irainez jaso zuten, eta apokalipsiaren guru izendatu zuten. Ez zen isilik geratu gure Greta. "Nola ekin dezakegu klima aldaketaren kontra alarmista izan gabe?", erantzun die iraindu zuten haiei.
Egun batzuk dela, bailaratik klima aldaketari buruzko mintegi batean, mezua gizarteari nola helarazi beharko litzaiokeen eztabaidatu genuen. Irakasle batek oso mezu alarmista neukala aipatu zidan, eta horrek oso merkaturatze eskasa zuela zioen. Eta Greta etorri zitzaidan burura; izan ere, hainbat mezuk ez daukate positibotik ezer.
Hamabi urte igaro dira Al Gore politikari estatubatuarrari gai beragatik ere Nobel saria eman ziotela. Egia deseroso hark hor dirau; urte hauetan maila politikoan ezer gutxi aldatu da, eta, tamalez, gizartean ere oso geldo gabiltza egia hori barneratzen.
Eta helduok mezua nola gizarteratu pentsatzen ari garen bitartean, tenperatura gora eta gora doa.