'Gizon grisak', pinu gorriak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2018ko aza. 16a, 07:17

Denbora daramat pentsatzen zer gertatuko zen Momo XX. mendeko euskal baserritar artean kokatu izan balu Michael Endek, batez ere, garai hartan berrekin zen basogintzaren baitan, eta egur ekoizpen eredu berrietan. Nik nire bertsio partikularra eraiki dut…

Gizon grisek denbora aurreztearren lanerako adinean zeuden baserritar asko eraman zituzten fabriketara; horrela, Denboraren Aurrezki Kutxa-n zituzten aurrezkiak sendotze aldera. Eta zer egin ordura arte gari, arto, baba, arbi, gaztaina, ikatz, eta abar ekoizten ziren landa eta basoekin? Denbora asko aurrezten zuen mirari bat ekarri zuten gizon grisek; urre berdea, pinuak.

Baina nire bertsio partikularrean, Momo-k ez zuen Casiopea edo Beppo edo Ordu maisuaren laguntzarik izan, eta gizon grisak gailendu ziren; urte gutxi batzuez, baina.

Zigarro grisak erre eta erre, Denboraren Aurrezki Kutxa krisialdian sartu baitzen, eta Denbora-ren aurrezki ziren pinuak, gorriak, eta bi bandaz, agertu ziren.

Hor agertzen da nire Beppo partikularra, "zergatik gorritu dira pinuak?" galderari hurrengo hau erantzuteko: "Hamaika arrazoirengatik". Erratzarekin alde batera eta bestera kaleak garbitzen asteak, hilabeteak, urteak eman zituela erantzun horren bila esan zion Momo-ri.

Egun hauek Momo-ren eta gizon grisen arteko talka egunak dira, baita basogintzan ere.

Natura da bizidun denontzako Denbora-ren banku zentrala, Ordu maisua buru duela. Interesik ez digu kobratzen, eta hobariak sarri eta oparoak banatzen dizkigu. Bere baldintzak ere badakizkigu, denboraren jabe gu izatea eta bere plazoak errespetatzea.

Iraganean gizon grisen eskaintzak baserritar asko erakarri bazituen ere, Momo-k, Casiopea dortokaren laguntzarekin, etorkizuneko basogintza irudikatu du, eta Gigi kontu kontariarekin ari da baserritarrekin tratuan.

Denborak esango du nola bukatzen den bertsio hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak