Elikadurarik gabe ezin bizi gara. Ez dago saihesbiderik, hori da gure beharrik handiena.
Elikagaiak sortzen diren lekuetatik gure sukaldetaraino doan katea luzatzen joan da etengabe azken urteetan, eta bere muturrean dagoen kontsumoa ere etengabe hazi da.
Elikagai behar hori, amorruaren amorruz, ingurumenari hozkaka hasi zaio aspaldi.
Ekoizpen maila bermatzeko promesaz, lurrari emandako botika eta ongarri kimikoak kontran datozkigu, gure osasuna bera ere kaltetuz.
Katea bera ere astunegia da dagoeneko, eta katebegi bakoitza ase beharrak ekoizlea ekonomikoki estutu du, ia guztiz itotzeraino.
Hogeita bost urte igaro berri dira 1.500 ikerlarik baino gehiagok Gizateriari lehen oharra argitaratu zutenetik; bertan, deiadarra egin zuten ingurumenaren suntsipen maila larriari buruz.
2017ko bukaeran, 184 herrialdetako 15.364 sinatzailek Bigarren ohar bat argitaratu behar izan dute, hogeita bost urte horietan egoera nola okertu den salatzeko.
Gure egungo elikatzeko moduak lan horietan aipatutako arazoetan duten eragina ikaragarria da oso. Globalki gertatzen ari diren baso azaleren murrizketa, arrantzaren kolapsoa, haragi kontsumoaren igoera neurrigabea… elikadura katearen luzatzearen eta, aldi berean, gertuko ekoizpenari uko egitearen fruitu dira.
Elikagaiak, lehen sektorea, bizi ekoizpena, ingurumena... izenak izen, kate motzean disfrutatzeko txakur eder bat da, baina.
Geroz eta kate motzagoa, geroz eta laztan goxoagoa. Irakurri aipatutako lan hori, gazteleraz, helbide honetan: https://labur.eus/awnAr.