Ariketarako gomendagarria litzakete belaunaldi desberdinetako lagunak elkartzea, sarera sarbidea duen gailuren bat lortzea, eta gure bailarako eraldaketa azken 70 urteetan nolakoa izan den jakin nahi izatea.
II. Mundu Gerraren bueltan informazio bila USAAF eta RAFeko hegazkinek 1945eko urtarrilean Casey Jones proiektua abiarazi eta Europa osoa airetik argazkitan erretratatu zuten. Gure bailaratik 46ko ekainean pasa ziren, eta argazki horiek geo.euskadi.eus atarian ikus daitezke, baita bertsio berriagoak ere, ondorengo urteetan beste erakunde batzuek ateratakoak. Hasieran helburu militarretarako zirenak, egungo lurralde antolamendurako eta esparru desberdinetan garatzen diren ikerketetarako tresna baliagarri bilakatu dira, denboran elementu geografikoak nola aldatu diren erakusten dizkigutelako.
Ariketarako, hauta dezala norberak elementu horietako bat. Ni Arrasateko Musakola auzoan kokatu naiz. Iazko argazkian ia ikusezinak diren ortuak bilatzen jarri naiz, bailararen alde bietan pinudiak nagusi direla. 1946koa kargatu eta ia ikusezinak direnak etxeak eta pinudiak dira. 1954an soloz eta belardiz inguratuta agertzen da Plazoleta –Sailuente plaza–. 1956rako, berriz, Itsasondo baserritik metro gutxira San Antolingo etxeak eraiki, eta hurrengo hegaldirako (1983), musakolarrek beraien independentzia –urbanistikoa– galdua zuten.
Baina hori baino gehiago gertatu da. Gure bailarako paisaia, gure herriko beste leku asko bezala, nekazari izatetik industrial eta urbano izatera igaro da, gure ogibideak aldatu diren heinean. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak, baina galdu ditugun paisaia horien koloreak irudikatzen galtzen naiz ni, Casey Jones proiektuko pilotu haiei tontorren batetik begira…