Nahiko zintuzket, urruti

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2015ko aza. 20a, 00:00

Etxelagun batek eman zigun abisua ostegun batez. Hiruzpalau urteko hartza gure auzunera gerturatu zen, udazkeneko azken bazken edo negurako aterpe bila, batek daki.

Etxean bi sentimendu azaleratu dira: batetik, basapizti ikoniko bat etxe aldamenean izateak zirrara piztu digu; bestetik, gure ongizatea baldintzatu ahalko lituzkeen beldurrak azalerazi dira. Paseoan gaudela erasoko gaitu? Funtsik badu beldur honek?

Agintariek hartu dute erabakia, Uppsalan jada ez da hartzik. Desagerrarazi egin dute. Aurrez, alferrik erabili dituzte gomazko pilotak eta droneak hura beldurtzeko.

Ipar hemisferioko leku askotan elkartzen dira hartza eta gizakia, baina ez da beti emaitza berarekin amaitzen. New Jerseyn 467 biztanle daude kilometro karratuko, Uppsalan (Suedia) 95 eta Euskal Herrian 143. Lehen eremuak 0,13 hartz ditu kilometro karratuko, azkeneko biek bat ere ez. Nafarroan 1978an erditu zen hartz bat azkenekoz, eta Camille zaharraz ez dakigu ezer 2010a ezkero. 

Suediako hartzaren oihartzun mediatikoa itzaltzen doala, gure basoetako harrapari handiei buruzko galderaz bete zait burua. Inguruan nahi ditugu? Nola? Zenbat? Zein baldintzatan? Prest da gizartea? Historia hurbilak emana du erantzuna Europan: "Nahiko zintuzketegu, baina urruti". Urruti ez bada, hesiz inguraturik edo gizakirik bizi ez den ingurune baten. Hauen kudeaketa ehizara bideratuta delarik, edo, bestela, turistak erakartzeko.

Otsoek aspaldi hasi zuten euskal basoen birkonkista; hartzak, aldiz, nabarmen ari dira ugaltzen mendebaldean. Orain arteko eztabaidek ez dute aurreko galderak erantzuten lagundu, beharbada, gizartearen sektore txiki batzuetan kokatu direlako. Baina aurreko astekoak nabarmen erakutsi dit eztabaida gure ongizatean dagoela, ea prest gauden hori beste harrapariekin elkarbanatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak