Lau orkatz leiho parean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2014ko mai. 20a, 00:00

Uppsalatik Zabalik idazten nabilela, bizilagun ditudan lau orkatzak leiho parean ditut.

Hiru eme eta ar bat. Arra bere lurraldea mantendu nahi eta, desafio bila dabiltzan inguruko gazteak jazartzen dabil.

Bitartean, eme zaharra eta alboan dituen beste bi eme gazteak, iaz jaiotakoak, begira ditu, lasai. Inguruko etxeetako bizilagunak ere, lasai, eta paseoan dabilen bikotea eta txakurra ere, lasai. 

Orkatz suediar hauek ez al dute beldurrik? Beharbada, gurean ehiztariek izutzen dituzte, eta horregatik ez daude hain lasai; baina suediarrak ere ehiztari gogorrak dira. Eta ehiza ez bada arrazoia, zergatik ez ditugu hain erraz ikusten orkatzak Euskal Herrian?

Azken asteotan gizakien eta inguratzen gaituzten animalien arteko komunikazioaren inguruan ikerketa garrantzitsu bi argitaratu dira.

Zenbat aldiz entzun dugun: "Nire txakurrak dena ulertzen du". Ba sinetsi edo ez, Current Biology aldizkarian argitaratutako lan batek erakusten du txakurrek eta gizakiok ahotsa eta aldartea sumatzeko burmuinaren atal berak erabiltzen ditugula, ez bakarrik gure arteko elkarrizketetan, baita gu haiei zuzentzerakoan ere.

Bestalde, hil honetako Science aldizkarian irakurri dezakegu nola laborategiko saguek desberdin jokatzen duten, baldin eta zientzialaria gizonezkoa edo emakumezkoa den. Antza, usaina sortzen duten molekulak ugaztunen artean berdintsuak dira, eta hala, espezie desberdinek nortasunaz gain beste karaktere batzuk atzeman ahal dituzte; kasu honetan, inguruan dutenaren sexua.

Usain egokiek eta hitz edo hots goxoek, beharbada, lagunduko dute orkatzak, eta haiekin batera, beste basabere ugari inguruan erraz ikusten, baina ez nago hain ziur horiek ote diren gurean natura hain beldurti agertzeko arrazoi bakarrak. Hara! Badoaz, lasai, lau orkatzak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak