"Iparrera begira"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2013ko api. 19a, 02:00

Gure inguruan lanpostu berri gutxi sortzen ari direla ez da nobedadea...

... lana edukitzea bera ospatzeko zerbait bihurtu den garai honetan. Askok, lagun minak tartean, bertan ezin, eta atzerrirako bidea hartu dute jada. Beste batzuk, bertako lanaren prekarietatea dela-eta, sinetsita gaude ez daukagula beste aukerarik, prestatuak izan garen horretan jarduteko atzerriratzea baino. 

Azken egunotan, komunikabideetan agertu da iparraldeko hainbat herrialdetako ikuskatzaileak gurean izan direla lanerako lagun bila. Ondo prestatuak, hizkuntza profil aberatsekoak, gazteak… kualifikazio maila handiko jendea, finean.

Umetatik argi izan dut zertan lan egin nahi nuen, nik ez nuen enkargatua izan nahi, Hertzainek abestu bezala; nik biologoa izan nahi nuen. Mesfidati begiratzen ninduten gurasoen ondoan; karrera hasi eta berehala konturatu nintzen, baina, biologo lanetan ibiltzea ez zela oso erraza izango. Eta begira kontuak zer diren, Erasmus, master, tesi, doktorego, diploma eta abarc amaituta, ikerketan nabil, fin-fin ni neu. Atzerrian nabil, hego hurbilean; eta ni bezala beste hamaika ikerlari, iparrera begira.

Ondo jakina da Europa iparreko herrialdeek zein bizi baldintza duten, zein ikerketa maila duten eta zenbat baliabide bideratzen dituzten hartara. Eta orain, giza-baliabide gehiagoren bila etorri zaizkigu, zuzenean edo zeharka bada ere. Joateko erabakia hartuko du lagun askok, tartean goi-mailako ikerlariek eta agian biologo tentelen batek. Bertaratzean, aurretik oso garatuta zeuden herrialde horien garapena azkartzen lagunduko dute, eta, bide batez, herri horiek aukera gehiago izango dituzte globalki pairatzen ari garen krisi honetatik ateratzeko. 

Finean, baina, iparralde eta hegoarekiko desberdintasunak handitu besterik ez du egingo gurpil-zoro honek, biologo tentelen bat bidean irentsiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak