... miresmena sortzen dutela ez da ezer berririk. Haien baitan sortutako egur eta fruituetatik haratago, milaka urteetan sinesmen, ohituren, sormen eta metafora askoren eredu izan dira gure basoetako antzinako bizilagunak.
Laboak abestu zizkigun adibide batzuk. Sustraiak bertan dituena ez da inora joaten, oholetan ez bada, eta nekez bihurtzen direla zahar arbolak. Eta Ruper Ordorikak, neguro oihanetan erortzen diren zuhaitz handi horien lekuan nola berriak hazten diren abestuz, bizitzan aurrera jarraitu beharrekoari buruzko kanta ederra utzi zigun iaz.
Zuhaitz eroriek, lekuaz gain, atzetik datozen xomorro, onddo eta basapiztiei jaten ematen diete, urteetan aberastasun handiko sistema bat elikatuz. Usteltzen doan arbolaren baitan, denborak ondutako ingurunea sortuko da, eta hondar horietan zuhaitz berriak ernatuko dira. Zuhaitz mota askok, handienek batez ere, behar-beharrezkoak dituzte beraien aurrekoen hondarrak aurrera jarraitzeko. Egun erortzen diren zuhaitz handiek gutxi irauten dute lurrean. Ez dira usteltzen, eta, hala, ez dituzte inguruak ontzen. Ez diegu denborarik ematen.
Aro berrien haizete zakarrek nekez zahartutako arbolak erorarazi dituzte, beraien adarrak luzez alde batera eta bestera, noraezean eraman ondoren, Anarik abestutako zuhaitzen antzera. Batzuk neguko hotzak jasateko sutarako txikitzea onena litzateke. Haien enbor eta adarrak batu, eta erre. Baina etorkizuneko oihanetan zuhaitz sendo eta handiak nahi baldin baditugu, beste zuhaitz erori batzuk usteltzen utzi beharko ditugu, eta denboraz haien gainean kolore guztietako izakiak nola hazten diren ikusi zuhaitz zaharraren hondarrez elikatuz, arorik aro. Laboaren ardaska gazteez gain, kantu berriz beterik haziko direnak, zuhaitz zaharretan sustraituz.