Hilerokoa tabu

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2019ko urr. 13a, 00:00

Irratian ari ziren komentatzen. Zambiako albiste bat. Gobernuak eskoletan konpresak banatzeko asmoa duela. Neskak, hilerokoa dutenean, ez direlako eskolara joaten. Zona pobreenetan. "Konpresak garestiak dira, kanpotik ekarri behar dituztelako", esan du tertualiakide batek. Eta pentsatu dut: horixe bakarrik falta zaigu, Afrika birziklatu ezin diren konpresaz betetzea. Zaborrez eta ordenagailu zaharrez betetzen ari garen bezala.

Duela 50-60 urte, ez zegoen oraingo konpresarik. Telazko pañuak erabiltzen zituzten. Garbitu eta berrerabili. Ezkutuan, etxe askotan. Bada pañuak artasoroan zintzilikatzen zituenik ere, inork ez ikusteko. Hilerokoa tabua baitzen. Eta hilerokoa edukitzea, ia-ia kutsakorra: ezin zuten txorizorik eta odolosterik egin, txarrak ateratzen omen zirelako.

Mundu osoan daude hilerokoarekin lotutako sinesmen faltsuak. Toki batzuetan, neskak isolatu egiten dituzte, gela ilunetan sartu. Izpiritu txarrak erakartzen dituztela diote. Loreak zimeldu egiten direla, janaria usteldu. Zambian auskalo zer pentsatuko duten.

Albistea hobeto irakurri dut. Badirudi telazko konpresa berrerabilgarriak dituztela buruan. Eta bertan ekoiztea. Primeran! Ea konpresak banatzeaz gainera, heziketa ere egiten duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak