Denetik dakizula eman behar du. Nahiz eta batzuetan piperrik ez jakin. Gaur eguraldiaz idatzi beharko duzu. Bihar Gernikako piperrari buruz.
Idazten duzunak interesgarria izan beharko luke. Izenburutik bertatik irakurlearen arreta bereganatu. Esaldi motzak. Ulerterrazak. Bi aldiz irakurri behar baldin bada, akabo! Jai duzu. Eta orijinala izan behar du. Diferentea. Freskoa. Beste ikuspuntu bat eman. Pentsarazi.
Baina sarri astirik ez duzu. Demagun elkarrizketatu behar duzuna zientzialaria dela. Nanoteknologian aditua. Seguruenez, ikasle sasoian azterketara bezalaxe joango zara elkarrizketara: etxeko lanak azken orduan eginda. Berde. Larrugorritan ez esateagatik. Wikipedian irakurri duzunak ez baitizu batere lagundu. Zer demontre galdetuko diozu? Erridikulua egiteko aukera dezente dituzu.
Gaur klausurako moja bat elkarrizketatuko duzu. Bihar anarkista bat. Etzi balleteko dantzaria. Hurrengo, zabor biltzailea. Tatuatzailea. Ipuin kontalaria. Ginekologoa. Prentsan, galdetu dituzun inuzentekeriak kentzeko aukera duzu. Eta eskerrak! Inportanteena azken emaitza da. Hitzak ondo aukeratzea. Disimulatzen jakitea.