Eta hil ere halaxe egingo dugu, esku hutsik. Tartean, munduak utzi edo mailegatu digunarekin bizi gara, nahiz eta oihal dotore edo zarpailetan bildu. Nire koinatak dioen modura, denok ditugu zuloak leku berean. Hala, bizitzan gure aurrekoen arrastoa jaso dugun legez, hurrengoei utziko diegu geurea, odolean, ala geneetan… Ala historian.
Horregatik, suposatu gura dut historia eginez joan nahiko genukeela denok. Hurrengoei bizitza hobea eta luzarora iraungiko ez dena utziz, bederen.
Bizitzaren zozketan, esklabotasunean zein erlijioaren aterpean, zein matxismoarekin, zein gerran ala gosetean bizitzea tokatzen da. Gerra galtzen duenak, irabazlearen menpekotasuneko historia hasten du, eta garaileak, pertsona gehien hiltzearen garaikurra darama bizkarrean. Hau da, historia hiltzaile handienak idatzi ohi izan du.
Baina ez beti, sufragistek ala ekologistek… ere egin izan dutelako. Gerra egin gabe, galdeketa eta elkarrizketa bidez, ados jartzeko bidean, gure eskubideak erabili nahian galdera egingo da igandean. Zer gura dugun erantzuteko parada daukagu.
Zoriontsua izateko baldintza libre sentitzea baita, zugan eragiten duen horretan zuk erabakitzea. Eta emaitza baino handiagoa dena, eskubide baten aplikazioa da historia egingo duena. Bejondeigula!