Ezin izango dira hiribildu zainduak edo turismorako ustiatutako hiriak bezala politak. Jaten ematen digutela onartuko dugu, urteetan gure kalterako bota izan duten zikinkeria barne. Egun, egoera eraldatuz doa poliki-poliki, erraldoiek hor diraute, baina errekan arrainak ikusten ditugu koloretako ur arrearen lekuan, eta airean zeruko keak desagertuz doaz, nahiz eta ke ikusezina, gure automobiletako tutuena hala nola, ez dugu ikusi gura.
Mendiz inguratuak gaudela, zorionez, oxigenatzeko aukera hartzen dugu gora eta gorago igoaz. Eta harridurarako, goitik xaflazko etxe galantak urrundu ahala, irudia zatartzen duen beste enpresa bat agerian jartzen da nonahi: Insignis pinuen ustiapenaren hedadura. Latifundioa bailitzan hedatzen da gure bistatik zerumugarekin batera galtzen den arte. Berde arrea gailentzen da berde argiaren gainetik, klorofila gabeko kolore tristea, begirada iluntzen dizun horietakoa. Udazkenean edo udaberrian aldatzen ez den margo bera.
Pena ematen du, mendien gailurretatik hurbilegi hazten dira enbor zut tenteak, gaina ez ikusteraino. Itzal egiten dio pinudi ilunak guztiona den paisaiari. Baina zaila irudikatzen dut erremedioa, ez baldin bada arazo moduan tratatzen behinik behin: dakarten harra, adibidez.
Eta harrigarria bada ere, zuhaitz ferian ez daude salgai… non eros daitezke bada?
Poliki-poliki aldatzen hasiak diren baserritarren animoa aupatu gura nuke. Luzarora hausnartzen berrikasten ari garen seinale. Bejondeiela!