Pastel euskaltzaleak

Lagunek abestien friki bat naizela diote, melodia bat entzun eta berehala dakidala abestiaren letra; ez dakitena da erdia, gehienetan, asmatu egiten dudala.

Baina bai, egia da, nik ere Ken7 asko entzun nuen, Ilargia abestia begiak itxita abestu nuen, eta bai, neuk ere ikusi nuen Arrakasta Operazioa (Operación Triunfo). Eta Van Goghen Belarria abestuz, eta asmatuz, belarri asko itxiarazi nituen, ongi abestu ahal izateko ez baita nahikoa nahi izatea. 

Nahia, horixe da azkenaldian behin eta berriz erabiltzen dudan hitza. Aitzakia asko jarriz aukeraketa bat justifikatzen saiatzen garen guztietan ezkutuko arrazoia berbera izaten da, nahieza edo nahia. Ilargia abestia oihuka abestea nahia zen. Van Goghen Belarria entzutea moda izango zen, agian, baina baita nahia ere, eta momentu hartan gazteleraz abestea aukeratzen nuen. 

Azoka egunetan lauburudun Euskal Pastelak gazteleraz saltzea aukeraketa da; zein da horren nahia? Benito Lertxundiren hautua, berriz, euskaraz abestea izan da. Zertarako? Gainontzekooi, euskara entzutean oilo-narrua jartzeko eta hizkuntza bat ahoan eramateaz gain bihotzean eramateko. 

Hizkuntza bihotzean daukagula ezin ukatu, horrela adierazten dugu diskurtsoetan, ikurretan, folklorean, futbolean, pastel euskaltzaleetan… Baina ez, ez nago ados. Hizkuntza bat bihotzean eramateak ez dauka zentzurik hau ahoan eramaten ez bada, idazten ez bada, abesten ez bada. 

Norberaren nahia euskaraz bizitzea bada, euskaraz biziko den Euskal Herri batean bizitzea, momenturo lehen hitza euskaraz egitea izan beharko da aukera, hautua, erabakia. Bankuan zein tabernan, Tuteran zein Tolosan, barazki zein pastel artean, heldu zein haurrekin, txakur eta katuekin jolasean, umorean, maitasunean, haserrean… Euskararen herria bada, izatea eta izaten jarraitzea bakoitzaren aukera da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak