... hilerokoari, ligoteo sanoari, izateari, eragiteari, erasoei eta nahasten nauten beste hamaika konturi bueltak ematen: jaso dugun hezkuntza zein izan da? Zeintzuk izan ziren gure ereduak? Ze eragin izan zuen Dragoi Bolak gure bizitzan? Super Bateko balioak matxistak ahal ziren? Nor zen benetan TrikiFlash?
Zalantza hauetan murgilduta egunkaria ireki eta to matrailekoa: "23 urteko gizonezko bat atxilotu dute bere bikotekideari eraso egiteagatik"... "31 urteko gizonezkoak heriotza mehatxuak egin zizkiola salatu du emakumeak".
Belaunaldi bereko gazteak gara, urtebetetze egunetarako marrazkiak egiten genituenak, txikitan planeta salbatzeko Kapitain Planet izan nahi genuenak, binaka eskua emanda mendira joaten ginen berak. Hezkuntza antzekoa, bizitza antzekoa, zergatik horren paper ezberdinak?
Erantzun ezak beste gune batzuetara begiratzera behartzen nau, bularretakoen publizitatera, gabon osteko mehetzeko piluletara, aldizkarietako esaldi morbosoetara, maionesa light eta autoen produzitzaileen esaldietara. Hauek argi daukate, emakumeok ez omen dakigu zer nahi dugun.
Horregatik, gizarteak jarrera paternalistak erabiliz jokatzen du gurekin, zer jan behar dugun esanaz, horrela ez janzteko, haurdunaldia etetea ez dela emakumezko jarrera, auto familiarra dela guretzako egokiena, haserretuz gero ximurrak aterako zaizkigula… Honen ondoriozkoak dira gaztetxoenen arteko jarrera oldarkorrak, arrakasta handiena duten telebista saioak, oztopoz betetako bilerak, esaldiak (lasai, ze zaude hilerokoarekin?), hankaz gorako legeak…
Badakigu zeintzuk diren oztopoak eta hauek gainditzera goaz, neska txintxoak zerura joaten omen direlako, eta gainontzekoak nahi duten tokira.