40 gradu inguruko tenperaturak, lehorte luzea, baso osoak kiskaltzen dituzten suteak, gero eta gogorragoak diren denboraleak... Dena, bide batez, gizakiaren adimenaren ondorio da. A ze paradoxa!
Besoak gurutzatuta jarraitzen dugu klima aldaketaren aurrean? Zer behar du gizarteak mobilizatzeko? Barka diezadala jada mobilizatu denak; are gehiago, nire aintzatespena eta begirunea. Baina, objektiboak izanik, portaera orokorra da aieneka ibiltzea. Esaerak dioen bezala, trumoiak jotzen duenean bakarrik gogoratzen gara Santa Barbaraz; hori bai, tximistak pasatuta, aurrera egiten dugu, ezer gertatu ez balitz bezala.
Atsekabe horrek, sikiera, ekarriko balitu ingurumena errespetatzeko ekintza zehatzak, horren eragina nabarituko genuke. Ezagutzen ditugu eta ez ditugu aplikatzen. Ondo informatuta bagaude, kontziente bagara eta arazoari nola aurre egin badakigu, zergatik ez dugu egiten? Nork ez du entzun birziklatzeaz, ura aurrezteaz, alferrikako kontsumoa saihesteaz, gure saskietan zero kilometroko produktuak erosteko apustuaz, paperontziak eta edukiontziak erabiltzeaz eta abarrez?
Izan gaitezen zorrotzak geure buruarekin, eta ez dezagun horri buruzko lizentzia bakar bat ere onartu; izan ere, salbuespenak barkatzen badizkiogu geure buruari –ez da ezer gertatzen behingoagatik...–, ez dugu aurrera egingo. Atzerapausorik ez! Lehen pertsonan hartu behar da konpromisoa, eta domino-efektua berez etorriko da –hori pentsatu gura dut–. Oraingoz, berekoikeria soberan dago, eta gizarte-kontzientzia eta komunitate-sentimendua falta dira. Euskadi beti izan da egitekoagoa esatea baino.
Ez dakit zuk, baina nik ez dut horrelako udarik nahi. Lau urtaroak bereizten eta gozatzen jarraitu nahi dut.