Aldatu? Dagoeneko aldatu da

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2020ko api. 15a, 00:00

Zer gertatuko da bihar? Gero eta gehiago dira Nostradamusen jarraitzaileak. Gogaituta nago behin eta berriro gauza bera entzuteaz: zein txarto pasatuko dugun bizitza aldatu digun COVID-19aren, koronabirusaren edo dena delakoaren olatua gainditu ostean.

Aiba! Bizitza aldatu digula esan dut? Bada, barkatu, baina errepikatu eta errepikatu ari diren kontu batera bueltatu naiz. Eta, benetan, zalantza daukat: gauzak aldatuko dira benetan merezi duten kontuetan, merezi duen horretan, lehena eta geroa markatzen duen horretan?

"Zelan ez dut, bada, txakurra izango, gero eta hobeto ari naiz-eta jendea ezagutzen!". Horrela erantzun zien Jordi Evole kazetariaren galderei Uruguaiko presidente ohi Pepe Mugicak; beti zentzudun. "Sekula baino baliabide, ezagutza eta diru gehiago daukagu. Badakigu zer egin behar den, baina ez dugu egiten", kexu zen. Haren isilune bereziek agerian uzten zuten zein den erruduna: gure zilbor globalizatua.

Izan ere, zilborrean amaitzen dira gizartearen zati baten balioak. Aspergarria da taberna-zuloko aldarrikapenak entzutea: politikari guztiak berdinak dira, egin diezaietela ERTE bat haiei; oraintxe bertan jar dezatela bankuak erreskatatzeko jarri zuten dirua... Haiek egin dezatela, noski... Eta zuk? Zu zeu ez zara gertatzen ari den eta hartzen ari diren erabakien erantzule? Gure eginbeharretan pentsa dezagun, horietatik irteten baitira, demokrazian, gero aplikatzen diren politikak.

Gure ingurunean gertatzen denak eragina du; bai, horixe. Guztiongan. Baina zuk zeuk zer egin dezakezu zugatik, zure familia eta lagunengatik, zure atartearengatik, zure enpresarengatik, zure gizartearengatik? Ez dezagun pentsatu orain arte eman dugula jaso duguna baino askoz gehiago eta gure enpresa, gure administrazioa, etengabe zorretan dagoela gurekin.

Egin galdera hau zeure buruari: noiz egin diogu aurre mota honetako krisi bati? Inor bazegoen prestatuta honetarako? Nik neuk zer egin dezaket ondasun komunaren alde egiteko eta solidario izateko? Debagoienak bere erara erantzun zizkion galdera horiei orain dela hamarkada batzuk. A ze aukera daukan euskal kooperatibismoak indarra erakusteko eta bere esentzia berreskuratzeko.

MIT Technology Review-ko editore Gideon Lichfield-ek esan zuen mundua hainbat aldiz aldatu dela, eta berriro ari dela aldatzen. Denok egokitu beharko dugu bizi izateko, lan egiteko eta hartu-emanak izateko modu berri batera... Gizateriaren historiako une disruptibo baten atarian gaude. Aurrerantzean, munduko ordena eta gobernua ezin da berdina izan. Gizarte orekatuagoa eta iraunkorragoa sorraraziko dute euren politiketan entzute aktiboa ezartzen duten administrazioek –zerbitzu publikoak garantizatzeko eta dotatzeko beharrezkoak direnak eta izango direnak–. Berrikuntza sozialak pertsonen beharrei erantzutea ahalbidetzen du: etengabeko entzutearekin eta ekimena kolektiboaren barruan sustatuta, soluzioa bertatik irten dadin. Hori horrela izanda, bere legitimotasuna eta eraginkortasuna bermatuta egongo dira. Ez egin berba etorriko diren aldaketez; dagoeneko hemen daude. Agertoki berri baten aurrean gaude. Bizitzaren aktoreok, pertsonok, onartu behar ditugu aldaketa horiek, eta guk geuk gidatu behar dugu gure oraina eta etorkizuna. Giza Garapen Jasangarria dago jokoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak