Tradizionalki, euskal hauteskundeetan, batez besteko parte-hartzea hauteskunde orokorren gainetik egon izan da.
Duda barik, horren arrazoia da gure historia hurbilaren berezitasuna; izan ere, horren eraginez, heziketa politiko handia daukagu inguru hauetan, eta, horrenbestez, konpromiso handia horrekiko, Estatuko beste erkidego batzuetan dagoen hoztasunetik oso urrun.
Gutxi –edo ezer ez– egiten ari dira Espainiako Erreinuan egoera hori hobetzeko; ez da, gaur-gaurkoz, solasaldiaren, kontsentsuaren eta akordioaren erakusleihorik onena. Krisialdia, ustelkeria kasuak... eta iazko abendua ezkero, gobernua osatzeko gaitasunik eza, hauteskundeetara birritan deitu ostean.
Eta egoera horretan, hauteskunde autonomikoak ditugu; inolako errurik izan gabe, Euskadiko hiriburu administratibotik –Gasteiz– 365 kilometrora sortutako lohiek zipriztinduta egongo dira. Konfiantza daukat gure kultura politiko zabalean, aintzat hartuko ditugula hemen dauzkagun gizarte ongizate maila handiak, aurrean ditugun erronkak, eta abar; ea hori guztiori nahikoa erakargarria den hautetsontziak botoz leher ditzagun eta paso egin ez dezagun.
Bestela, ze aurpegi jarrita animatuko ditut nire lagunak demokraziaren festan parte har dezaten? Helduleku bakarra daukat: "Hau ez da hangoa bezala". Hori ez da argudio bereizgarri edo bereizlea, baizik eta borondateen biderkatzaile eta eragilea han-hemenka, desengainua geldiarazteko, eta aldarrikatzeko parte hartzeko eskubidea daukagula gure erakundeak kudeatzen dituzten gobernuak hautatzeko orduan. Horregatik, Euskadik botoa eman behar du.