"DNA, koop."

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2013ko aza. 29a, 01:00

Jaioterriak eragin handia dauka norberarengan.

Arrasatekoa naiz eta ia bizitza erdia daramat herritik kanpo bizi izaten. Bada, sarritan egon izan naiz harro nire jendeaz eta Aita Arizmendiarrietak errealitate bihurtu zuen proiektu kooperatiboaz.

Are gehiago, jendaurrean ere erakutsi dut harrotasun hori: "Arrasatekoa naiz, kooperatibismoa jaio zen herrikoa". Eta gainera, kooperatibismoaren balioak defendatzen ibili izan naiz hainbat solasalditan, eta mespretxuz sekta moduan definitzen zutenei kasurik egin barik.

Bide batez, sekula ere ez dut lanik egin kooperatiba baten. Hala ere, ikusi dut nire herria –familiartekoak eta lagunak– mundu osoan erreferente zela eta haren per capita errenta Europako handienetakoa zela.

Horregatik, harrituta eta hunkituta sentitu naiz Fagor Etxetresnei gertatu zaienaren ostean izan diren erreakzioak ikusita: batzuek kooperatibismoaren eredua zalantzan jarri dutelako; eta kooperatibistek, amildegiaren aurrean, adierazpen ulergaitz eta harrigarriak egin dituztelako.

Hainbat eta hainbat poztu egin dira gertatutakoagatik, agian beste enpresa-konfigurazio batzuekin konparatuta tratamendu fiskal desberdina dutelako kooperatibek. Baina gehien harritu nauena izan da urtetan kooperatiban lanean dabiltzanak ez konturatzea ze lotura daukaten kooperatibarekin berarekin eta, are gehiago, gertatu denaren erantzunkidetasuna ere badutela.

Argi daukat kooperatibismoa luzerako daukagula eta Arrasatek, denborarekin, iraganeko indarra berreskuratuko duela. Aurrerantzean, gure herria etorkizuneko autobideetan kokatu behar duen motorra Mondragon Unibertsitateak izan behar du.

Nire DNAn dago koop. Arrasaten jaio izateak izango zuen zerikusirik, seguru asko; izan ere, itsu-itsuan sinesten dut enpresa-proiektu horretan, eta, gainera, nire baitan dagoen zerbait da eta, gainera, ez dut eten nahi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak