Lan merkatuaren erreforma onartu, eta erreakzio asko ikusi eta entzun ditugu. Batzuen ustez, krisiari aurreko egiteko paradigma; beste batzuen ustez, langileen eskubideak zapaltzen dituen zorigaitza. Tira...
Arabako patronalari entzun genion esaten lurralde horretako enpresen erdiek arriskuan ikusten dutela euren bizi irautea. Gipuzkoako patronalak halako zerbait esan du, eta atzeraldiaz ere berba egin du. Hurrengo egunean, CISek ohartarazi zuen hamarretik bederatzik diotela ekonomia oso ahul dagoela. Eta azkena: sindikatuek greba orokorra deitu dute hilaren 29rako, erreformaren aurka protesta egiteko.
Ondo zuzendutako parodia bat balitz bezala, egunero entzuten ditugu ekonomiako adituengandik sekulakoak eta bi. Hobeto esanda, lapsusak, politikoki desegokiak, fede onez barkatzen dizkiegunak.
Lehena: Gasteizko Mercedes Benz plantako arduradun nagusi Emilio Titosek esana, E-Vito furgoneta elektrikoaren aurkezpenean: "Nik ez nuke erosiko, garestia da-eta". Hotzean entzunda, gogorra da hori hark esatea, baina zera ulertarazi nahi zuen: erregai fosilekin dabilen furgoneta berarekin konparatuta da kostua garestia.
Bigarrena: Kutxa Bankeko presidente Mario Fernandezek bota zuen, Parlamentuan. Euskal administrazioetan ustez dauden bikoiztasunez galdetu zioten. Hau esan zuen: "Baso guztia ez da orgasmoa". Iepa! Sexua parez pare. Irria aterarazi zigun.
Hirugarrena: OCDEko ekonomia eta garapeneko batzordeko presidente William Whitek: "Harrigarria da krisialdi honetan hain bankari gutxi kartzelara joan izana". Esan diezaietela burbuila finantzari amerikarra jasaten ari direnei.
Mesedez, erabil dezagun gatza bizitza alaitzeko, eta ez zaurira botatzeko. Tira, umorez hartzea hobe, ze... a ze hiruhilekoa urte olinpiarreko lehenengoa.