Ematen du atzo bertan sartu ginela San Viatorren, 6 urterekin. Sagrario andereñoa lehen letra eta kalkuluak irakasten hasi zitzaigun, eraikin garai hartan, Santa Barbararen magalean.
Mari Flor, Najera, Alberto, Clara, Begoña, Donfer, Txalo, Mikel, Igone, Joxe Arkaute, Cimiano, Txintxu, Koldo eta Goio zuzendariak euren eskuetan izan zuten gure prestakuntza akademikoa. Eskerrik asko, guztiei. Oso lan ona egin zuten, nahiz eta batzuetan gauzak erraz jarri ez bagenizkien ere. Aitzakia genuen, edo hori pentsatzen genuen: Debagoieneko azken unisex-gela zen gurea, munduaren %50ekin ez genuen harremanik, eta, jakina, EGBko 6. ikasturtetik aurrera aztoratuta geunden.
Bada, une egokia da balantzea egin, eta aurrera egiteko; izan ere, 40 urteak beteta ditugun kideok, guri dagokigu zezenari adarretatik heltzea, galdutako distira ekonomiko eta soziala berreskuratzeko.
Industria-birmoldaketaren garaian hazi ginen, baina kooperatibismoaren babesean; izan ere, kooperatibismoak Arrasate eta inguruak babestu zituen gure herrialdeko beste zona batzuek bizi izan zuten krisialdi sakonetik –Bilbok, adibidez–.
Kooperatibismoaren babesetik ihes egiten zuten enpresa batzuek bakarrik bizi izan zituzten itxierak eta deslokalizazioak. Gaztaroa, unibertsitatea, lanean sartzea... hazten zihoan ekonomia baten pean eman genuen. Ez genuen zailtasun handirik izan, baina argi ikusi genuen nolako esfortzua egin zuten gure aita-amek euren etorkizuna eta geurea eraikitzeko.
80ko eta 90eko hamarkadetan jaio zirenek ez zuten sakrifizio-garai hura bizi izan, baina ikusten ari dira euren lan-etorkizuna kolokan dagoela. Bada, haien haserreari gehitzen badiegu gure esperientzia eta gure aita-amek egin zutenaren oroimena, emaitza izango da etorkizun ziurra, distira txikiagokoa, orekatuagoa eta neurritsuagoa. Bada garaia 72ko erreserba handia osatzen dugunok gure kupel-urteak praktikan jartzeko.