"Ikasgelara bueltatu beharra"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2011ko abe. 3a, 01:00

Oraindik gogoan dut osabak lehen lana izan zuen garaia...

... Enpresa-ikasketak aise gainditu ostean. Familiako lehen  unibertsitate-lizentziaduna zen eta guraso, anai-arreba eta gainerako familiakoek mirespenez begiratzen genion.

Logikoa denez, bere curriculumari esker berehala izan zuen lana. Hala ere, zapatuetan bisita egitera joaten nintzaionean, liburuei itsatsita ikusten nuen. Eta egun ere, hala segitzen du.

Zergatik segituko du horren gogor ikasten?, galdetzen nion neure buruari, EGBko ikasle nintzen garaian. Dena dauka: ikasketak, lana... esaten nion neure buruari. Bada, denborak eta errealitateak eman didate erantzuna: pertsona moduan hazi, autoerrealizatu eta, zeharka, enpleguari eustea bermatzeko.

Bizi dugun egoera ekonomikoan, gure lan-katalogoan berba eta egoera traumatiko berriak sortu dira: EREak, kaleratzeak, morositatea, ajusteak, enpresen itxierak, eta abar. Guk geuk daukagun kapital kognitiboa baliatu behar dugu lanlekuan, eta, hain zuzen, ezin gara titulazio bat edukitzera mugatu. Lanpostu bat izatearen arduradun bakarrak gu geu gara, langileok. Guk geuk zaindu eta mimatu behar dugu gure gaitasun profesionala.

Horregatik, aurrenak izan behar dugu lantokietan formazioa eskatzen; izan ere, horrek egingo gaitu lehiakorrago, eraginkorrago. Ze enpresak gura du hain giza-kapital handia galdu? Are gehiago, beste enpresa batzuek gure gaitasunetan jarriko dute arreta, gaitasunok atseden barik elikatzen ibili bagara.

Ikasgelak ez dira uzten titulazioa lortuaz bat. Haietara itzuli behar dugu, eta gure eguneroko zereginetan integratu; izan ere, hala, gure autoestimua hazi egingo da eta gure konfiantzak, edozein egoeraren aurrean, gora egingo du. Bizitzan, kirolean bezala, prestakuntza gehien zaintzen duena urrunago iristen da eta asebetetasuna lortzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak