"Guztiok ez gara berdinak"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2011ko uzt. 20a, 02:00

Urte batzuetatik hona, ordezkari politiko eta instituzionalek ikusi dute euren sinesgarritasuna eta irudia asko makaldu dela.

Hori izan da arrazoi nagusietako bat M-15eko haserretuen mugimendua eta halakoak sortzeko.

Egoera horretan, eta herritar moduan, errazena da baloiak kanpora botatzea. Guztiok entzungo genituen honelakoak tertulietan: "Denak dira berdinak"; "Denok daude osteko eta euren lehengusu-lehengusinak lanean jartzeko"; eta abar.

Entzun izan ditut halakoak etika eta moral handia dutenen ahotik, edozer gauza egiten zutenak Foru Ogasunari "engainatzeko", Etxebideri iruzur egiten ziotenak BOE bat lortzeko edo Ikastolan gezurra esaten zutenak familiaren diru sarreren gainean seme-alabak irakaskuntza hitzartuetara sartzeko.

Bada, gure buruari erradiografia egin beharko genioke eta ondraduak izan gure buruarekin eta besteenekin. "Aprobetxategiak eta jetak" beti egon dira eta egongo dira. Gure desorekak zuzenduko bagenitu eta ego-aren aurrean konpromiso soziala sutatuko bagenu, beste gizarte bat eta beste ordezkari batzuk izango genituzke.

Izan ere, ez dezagun ahaztu goian daudenak norbaitek eraman dituela hara, botoa emanda edo abstenituta. Demokrazian, kirolean moduan, parte-hartzea oso garrantzitsua da. Hainbat arau onartu behar ditugu: hautesontziek erabakitzen dutena errespetatzea (gure interesen aldekoak edo kontrakoak izan), joko-arau batzuk ditugula errespetatzea, Euskadi administratiboak hiru probintzia dituela eta  haien baliabide eta aberastasunek bermatu egin behar dutela hazkunde orekatua bere osotasunean...

Herritarrok eta politikariek zuhurtzia aktiboa praktikatu behar dugu eta arazoak konpondu behar dira adostasun eta elkarrizketa bidez. Hasteko, gure buruarekin zorrotzak izan behar dugu, eta gero, besteenekin. Hori eginda konturatuko gara guztiak ez garela berdinak eta aldaketa guk pentsatzen duguna baino errazago gerta daitekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak