Ez da ohiko gasa, harrietan harrapatuta dago, eta askatzeko, haustura hidraulikoa deritzon teknika bortitza erabili nahi da. Fracking deitzen zaio ingelesez, eta atzerrian frogatu den bezala, airea kutsatu, lurra txikitu eta ura pozoitzen ditu.
Honetaz zerbait entzun dutenek Arabarekin lotzen dute, Fracking Ez Araba mugimenduak oihartzun handia izan baitu. Bertako herritarrak problematikaz jabetu dira dagoeneko, udalerri eta kontzeju ugari fracking gabeko lurralde izendatu dira, manifestazio jendetsuak egin dituzte, balkoiak banderolaz beteta daude, aldarrikapen mendi martxak antolatu dira, etab. Izan ere, Arabako lurralde ia guztian eta Bizkaiko zati batean, zundaketak egiteko baimenak emanda daude dagoeneko.
Esan bezala, Gipuzkoan, Debagoiena barne, gasa egongo delakoan ere, Hidrocarburos de Euskadi eta Petrichor enpresek hura ustiatzeko baimenak eskatu zituzten 2011n. Edonoiz lor ditzakete, nahiz eta bertakook gaiaz ezer gutxi jakin izan dugun, gure ezjakintasuna interesatzen baitzaie.
Halere, Elgoibarren, Antzuolan eta Arrasaten 1.075 sinadura jaso genituen aurreko astean, Eusko Legebiltzarra fracking-ari buruz eztabaidatzera behatuko duen Herri Ekimen Legegilearen alde. Arrasaten, jasotako babesa aurreikusi gabe, eramandako sinadura-orriak agortu zitzaizkigun domeka arratsaldean.
Sinatu gabe gelditu zaretenoi jakinarazi nahi dizuegu Eskoriatzako Ferixien izango duzuela beste aukera datorren zapatu goizean. Eta domeka arratsaldean, Bergarako erdialdean.
Hitzaldia ere emango dugu hurrengo eguenean, ekainak 12, 18:30ean, Aretxabaletako Arkupen.
Bagoaz aurrera, baina oraindik jende gehiagoren partaidetza behar da ibarrean mehatxu honi aurre egiteko. Laguntzeko edo informaziorako, FrackingEzDebagoiena@email.com helbidera idatzi, 685 72 83 27 telefonora deitu edo 644 59 03 23ra Whatsapp zein Telegram-en bidez mezuak bidal ditzakezue.
----------
Iker Carrasco Mendez
(Fracking Ez taldearen izenean)
Aretxabaleta