Bizikidetza

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Bollar 2018ko urr. 26a, 08:47

Gure gizartearen eta herriaren ongizatea. Biztanle eta kolektiboen ezaugarri eta berezitasunak kontuan hartu, ezagutu eta hobetze aldera lan egitea. Elkarrenganako begirunea, errespetua eta solidaritatea; norbanakoaren izateari apur bat uko egin eta parean duguna kontuan hartzea.

Azkeneko hau da, hain justu, bizikidetzarako eman beharreko lehen pausoa: ondoan duguna identifikatzea. Bizikidetzaren inguruan gabiltzanean, pertsonen arteko elkarbizitza etortzen zaigu burura. Geure ongizatea, soilik gure artekoen errespetuzko harremanetan oinarritzen delakoan. Ahaztu egiten ditugu inguratzen gaituzten izakiak, edo, beharbada, ez ditugu identifikatzen bizikidetzat. Herrian, erdigunean zein auzoetan, kale, parke, horma eta eraikinetako biztanleak: haritz, gorosti, txolarre, urubi, enara, muxar, saguzar, txantxiku, sugandila, arabazezen… zerrenda luzeegia idatzi honetarako. Bakoitza bere bizi beharrekin, bere beharrezko iluntasun, argitasun, egonleku, gordeleku eta kumalekuekin. Ez ditugunez identifikatzen herritar lez, ezin begirunerik izan hauen beharrei, ezin solidaritate apur bat eskaini; ezin geure gogoei apur bat uko egin eta ondoan ditugun bizilagun hauekin bizikidetza sano bat eraiki. Ez nahi ez dugulako, seguru!

Ezjakintasunagatik, egunerokotasunaren inertziak halako gauzetan pentsatzera bultzatzen ez gaituelako, edo auskalo zergatik, ez gara ohartzen aipatutakoez. Adibide garbia da Oñatiko partaidetzazko aurrekontuen bozkatze fasean proposatzen den 11. puntua: San Martingo hariztian egun dagoen bidezidorra legarrez berregitea eta argiztatzea, korrika egiteko erosoagoa bihurtuz. Beharbada, proposamena luzatu duenak ez daki San Maringo hariztiak gordetzen duen biodibertsitatea zein garrantzitsua den, eta proposamena ez dela batere aproposa ahazturiko herritarren bizikidetzarako.

Bertako haritz mardulek babesean hartzen dituzte saguzar, muxar eta urubiak, esaterako. Gautarrak, egunaren berezko zikloak ematen dituen iluntasun eta lasaitasun orduen beharra dutenak biziraupenerako.

Zeinek nahiko luke hauek arriskuan jartzea? Nork ez du nahi iluntzeetan San Martinen isil-isilik egonda muxarren marmarrak edo urubien uluak entzutea? Nork ez herriko biodibertsitatea babestea? Izan ere, hauen ongizateak bermatzen du geurea. Ohar gaitezen gu ez ginatekeela izango beraiek ez balira. Elkarrekin osatzen dugula herria.

----------

Anton Txintxurreta eta Idoia Bollar

Oñatiko Naturzalien eta Natur Eskolako kideen izenean

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak