Inposaketa hitza famatu egin zen atez atekoa ezarri zen garaian, herritarren borondatea entzun gabe jarri zutela esanez. Nik dakidala, egun ez da errauskailuaren gaineko galdeketarik egin behar. Hau pentsatzean inposaketaren aurka zeuden horiek etortzen zaizkit burura. Non daude? Atez atekoa inposaketa izan bazen, hau ere bada.
Herritarrek eskubidea dute adituek zaborra kudeatzeko pentsatutako formula desberdinen artean aukeratzeko; hala ere, errauskailua ezin da horietako bat izan. Gaur egun gaiaren gainean dugun informazio eta alternatiba guztiekin, ez du inongo zilegitasunik errauskailu bat egitea planteatzeak. Zaborraren kudeaketan ere, ingurumenaren zaintza izan behar delako irizpide nagusia.
Ez dago zalantzarik gizateriak daukan arazo –edo erronka, ikuspuntuaren arabera– handienetariko bat krisi ekologikoa dela. Orain arteko politikari eta adituek –orokorrean– zoritxarrez asmo onak erakutsi bai, baina ekintzak alde batera utzi dituzte. Esango nuke belaunaldi gazteek hobeto eramango dutela gaia etorkizunean, Agenda21aren belaunaldia izango baita. Gurera etorriz, pozten nau kexaka ibiltzen ziren horiek esertzean, beste batzuk zutitu direla ikusteak.
Aristotelesek behin eta berriz egiten duguna garela esan zuen; berarentzat, orduan, bikaintasuna ez da ekintza soil batetik eratzen, ohituretatik baizik –atez atekoak eskatzen zuen ohitura aldaketak bikaintasunaren bidean jarriko al gintuen?–. Egin beharreko bidea zein den dakigunean eta egiten diren ekintzek aurkako norabiderantz eramaten gaituztenean –errauskailua kasu– Aristotelesen esaldia etortzen zait burura: zer gara? Norberak pentsa dezala!
----------
Iñigo Beitia
Eskoriatza