1886an Chicagon poliziak hildako langileak gogoratzeko eta langileen eskubideen alde borrokatzeko eguna izan da aspalditik. Egun hartan, hainbat langilek bizitzarekin ordaindu zuten beren borrokarako borondatea, baina aldi berean langileriak garaipen garrantzitsua lortu zuen: greba egun haren eskaera nagusia zen 8 orduko laneguna. Chicagoko langile mugimenduak erakutsi zuen langileak elkartzen direnean posible dela etsaia, kapitalistak, garaitzea.
Langile klaseak kolpe gogor asko jaso ditu azken urteetan. EEEak, soldata jaitsierak, kaleratzeak, enpresa itxierak, lan erreformak, hitzarmen kolektiboaren erreforma... Prekarietatea eta langabezia Euskal Herriko etxe asko eta askotara iritsi dira eta hainbat alderdik ekonomiaren “errekuperazioaz” hitz egin arren errealitatea bestelakoa da eta izango da. Beharrezkoa da, beraz, langabeziaren aurkako borroka lehentasuna izatea sindikatu eta ezkerreko alderdientzat, eta helburu honetarako, funtsezkoa da alternatiba iraultzaile bat izatea.
Ezin dugu onartu lanpostu gehiago suntsitzea, beharrezkoa da lanpostu guztiak defendatzea langileen eta langabeen borroka bateratuarekin. Langabezia igo arren, langile askori laneguna luzatu diete modu abusiboan, eta, gainera, ordu estrak merke edo doan egitera behartuta daude. Lan-astea 35 ordukoa izatearen alde borrokatu beharra dago! Erretiro adina 60 urtera jaistearen alde!
Gobernuek milaka milioi euro eman dizkiete bankuei eta enpresari handiei. Bitartean, asko dira asetzen ez diren behar sozialak, batez ere hezkuntzan, osasunean, zaharrenentzako arretan, haurtzaindegi publikoetan, eta abar. Beharrezkoa da zerbitzu sozialetan inbertsio publikoak handitzea eta kalitatezko lanpostu publiko duinak sortzea.
Langileok gure lanari esker bizi nahi dugu eta modu duin batean bizitzen jarraitzeko eskubidea dugu. Lanpostu duin bat edo langabeziak irauten duen bitartean hilean 1.200 euroko laguntza mugagabearen alde borrokatu beharra dago! Ez omen dago dirua honetarako, baina badago kapitalistek kontu multimilioidunak izateko, munduko edozein bazterretan urrezko jauregiak izateko, 1,7 milioi euroko xanpain botilak edateko, hegazkin pribatuak izateko...
Etxebizitzen espekulazioak artifizialki puztu zituen prezioak parasito gutxi batzuen onerako. Egoera honi esker bankariak eta enpresari handiak are gehiago aberastu dira. Bitartean, etxe kaleratzeek jarraitu egiten dute egoera dramatikoak sortuz. Langabeen hipotekak berehala izoztearen alde borrokatu beharra dago!
Baina aldarrikapen hauei guztiei gakoa den aldarrikapena gehitu behar zaie: bankaren, enpresa handien eta krisian eta deslokalizazioen mehatxupean dauden enpresen desjabetzea eta publifikazioa langileen eta hauen erakundeen kontrolpe demokratikoan funtzionatzen jarriz. Enplegua mantendu eta sortu ahal izateko, beharrezkoa da oinarrizko ekoizpen palankak gizartearen esku egotea. Hau da sindikatuek eta ezkerreko alderdiek indar handienarekin defendatu beharreko aldarrikapena, hau baita modu bakarra sistema kapitalista amaitzeko.
Chicagoko langileen eredua jarraituz, langile mugimenduak behin eta berriro altxako du ukabila. Historiak esaten du langileek gehienetan galdu egin dituztela borrokak. Bai, egia da. Baina langileek irabazitako borrokek eta iraultzek erakusten dute posible dela irabaztea. Posible da burgesia garaitzea eta kapitalismoa historiaren zakarrontzira botatzea, Euskal Herrian eta mundu osoan sozialismoa eraikitzen hasteko. Gora Maiatzaren 1a! Gora langile klasearen borroka!
----------
Ibon Artola
(Euskal Herria Sozialistako kidea)
Debagoiena