Aitzakiak aitzakia, irabazi ikaragarriak dituen multinazional honen helburua argi dago zein den: fabrika itxi eta langileak kalera botatzearen kontura are gehiago irabazi.
Lehiakortasunaren izenean azken hamar urteetan zortzi fabrika itxi ditu Candy multinazionalak, hiru Italian, lau Erresuma Batuan eta bat Portugalen.
Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak babes osoa eman nahi die Bergarako Candy Hooverko langileei eta antolatzen ari diren mobilizazio guztiei, eta, bide batez, gure proposamenak egin borroka garaipenean laguntzeko.
Multinazionalaren eraso honek tamaina bereko erantzuna behar du. Egia da borrokak ez direla errazak, enpresak gogor doazela eta langileak asko jokatzen ari direla. Baina enpresak eta multinazionalak ez dira ahalguztidunak, langileok indarra dugu, handia, ondo erabiltzen bada.
Helburu honetan, funtsezkoa da gatazka kanporantz ateratzea. Kapitalisten beldur handiena, alde batetik, borroka bateratua eta, bestetik, langile klasearen antolakuntza dira. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Bergaran eta Debagoienean gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea, eta borrokan dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari diren eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko.
Honekin batera, funtsezkoa da eskualdeko biztanleria borroka honetan inplikatzea, itxieraren aurkako mobilizazioak antolatzeko herrietan, auzoetan, poligonoetan eta ikastetxeetan, euren borroka ere baden milaka langile eta gazteren babesa lortzeko.
Elkartasunezko Komiteak antolatu behar dira ezkerreko kolektibo eta erakunde sozialak, sindikalak eta politikoak gehitu daitezen eta ekintza konkretuekin mobilizazioaren arrakastan lagundu dezaten.
Gainera, beharrezkoa da elkartasuna eta batasuna bilatzea multinazionalak Italian, estatu frantziarrean, Turkian, Errusian eta Txinan dituen fabriketako langile eta sindikatuekin.
Candyko zuzendaritzak zatiketa eta beldurra erabiltzen baditu, langileek batasunaren eta elkartasunaren alde egin behar dute apustu. Bergarako lantegiko langileen borroka milaka langileren erreferentzia puntu bihur daiteke. Hau gertatzen bada, multinazionalak jasan beharko lukeen presioa ikaragarria izango litzateke eta beren planak atzera botatzea posible izango litzateke.
Enpresa itxieraren mehatxuaren aurrean langileek fabrikaren okupazioaren alternatiba dute. Hau gertatu da, adibidez, Madrilgo osasun publikoaren aldeko borrokaren garaipenean. Langileek ospitaleak eta anbulatorioak okupatu zituzten pribatizazioari eta kaleratzeei aurre egiteko, eta biztanleriaren gehiengo handi baten babesa lortu zuten. Azkenean, PPren gobernuak atzera egin behar izan zuen.
Eta bai, langile klaseak badu alternatiba lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko: enpresaren nazionalizazioa langileen kontrolpean.
Bergarako Candy publiko batekin, langileen kontrolpe demokratikoan kudeatuta, lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresaren irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik.
----------
Ibon Artola
(Euskal Herria Sozialistako kidea)
Bergara