Zerbaitetarako balioko du akordio honek? Ez zen beharrezkoa sindikatuek xantaiari eta eraso berriari ezetz esatea eta beharrezkoa izanez gero langileak borrokara deitzea? Orain dela urte bat baino gehiago langileen soldatak %12 jaitsi eta lanorduak handitu ziren (CCOOk eta UGTk sinatutako akordioaren eraginez). Ez dago azkeneko sakrifiziorik, enpresak beti aurkitzen du langileen lepoa estutzeko arrazoi berriren bat. Arcelor Mittalen planteamendua estrategia konkretu baten barruan dago: plantillaren soldata eta lan baldintzak okertzea, lortutako eskubideak amaitzea eta, azkenik, enplegua suntsitzea, lanean geratzen direnek ordu gehiago sartzeko, erritmo altuagoekin eta soldata baxuagoekin. Horregatik, CCOOk, UGTk eta ELAk sinatutako akordio hau ikaragarrizko akatsa da, ez du balioko enpresaren erasoak geratzeko, etorkizunean are gehiago ekartzeko baizik.
Ezin da utzi multinazionalaren mehatxu edo erasorik erantzunik gabe. Egia da borrokak ez direla errazak, enpresak gogor doazela eta langileak asko jokatzen ari direla. Baina enpresak ez dira ahalguztidunak, langileok indarra dugu, asko, ondo erabiltzen bada. Enpresariek zatiketa eta beldurra erabiltzen badituzte, langileok batasunaren eta elkartasunaren alde egin behar dugu apustu. Egoera honetan, Urola Garaiko langileen borroka bateratua antolatzea aurrerapauso handia litzateke.
Oso zaila da lan baldintzak eta lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean, langileen indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Batasuna da Urola Garaiko langile eta beren familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Eginkizun honetan eskualdeko sindikatuek, nahikoa indar eta baliabide baitituzte mobilizazio kanpaina indartsu eta bateratu bat antolatzeko, funtsezko papera jokatu behar dute.
----------
Ibon Artola
(Euskal Herria Sozialistako kidea)
Bergara