Musakolako bizilagunekiko errespetu falta

Erabiltzailearen aurpegia Iban Goñi 2021ko mar. 26a, 09:37

Musakolako Batzordetik idatzi hau prestatu dugu eta geure burua aurkeztu nahi dugu: Musakola asko maite dugun eta haren alde urte askoan lanean daramagun bizilagun eta lagun talde bat gara. Guretako, pertsonek izan dute beti lehentasuna eta, jaiak antolatzeaz gain, bizilagunen kexu, eskaera eta kezka guztiak kudeatzen saiatzen gara. Azken batean, Musakola zaintzea. %100ean musu-truk lan egiten dugu, eta grina horrekin bat ez datorren jendeak denbora eta dirua galtzen ditugula esaten digu. Inondik inora ere.

Bakoitzak bere kezka politikoak dituen arren, erabakiak hartzeko unean alde batera uzten ditugu eta Musakolarentzat onena denari begiratzen diogu. Batzorde apolitikoa gara. Eta flashak eta kamerak gustatzen ez bazaizkigu ere, idatzi hau egitea besterik ez zaigu geratzen. Badirudi hori dela modu bakarra Arrasateko Etxe Handiko bizilagunekin hitz egiteko. Berriro ere, istorioa errepikatu egiten da eta oztopoak jartzen dizkigute. Tristeena da kontua galdu dugula jada.

Azkena izan da gure alkatea, batzorde honen eta gure bizilagunen %100aren babesa zuena, kargutik kendu dutela. Alkateak Musakolan bizi behar du, Udaleko ordenantza baten arabera. Guztiok dakizue orain arte izan dugun alkateak Musakolan egiten duela bizitza. Eta, bitxia bada ere, Arrasateko Udal Gobernuak aplikatzen duen lege hori bera ez zaie aplikatzen zinegotzi berberei. Zinegotziek gure egunerokotasuna markatzen dute, eta batzuk ez dira Arrasaten bizi. Guk ez dugu ulertzen.

Aizkorakada berri honetatik suspertu eta gure lanarekin jarraitzea eta legea betetzeko beste hautagai bat aurkeztea erabaki genuen. Sorpresa izan zen, bozketa berriaren egunean, Musakolako egoera salatu duen alderdiaren ordezkaritza ez zela bozketara aurkeztu. Oraindik ere desplante horren azalpenaren zain gaude. Orain arteko alkatearekiko, alkate berriarekiko, batzordearekiko eta, garrantzitsuena, Musakolako bizilagunekiko errespetu falta da. Oraindik ez dugu ulertzen.

Hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Oxel Apraizi, gure alkate berriari, kargua onartu duelako. Lan desinteresatuaren eta Musakolarekiko maitasunaren beste adibide bat. Guk lanean jarraituko dugu, Musakola guztiaren gainetik dagoela uste baitugu.

Herritarren kexuak, eskaerak eta kezkak bidaltzen jarraituko dugu, eguneroko arazoak konpontzen jarrai dezagun, hala nola oztopo arkitektonikoak kentzea, hautsita eta egoera txarrean dauden espaloiak konpontzea, Gipuzkoa etorbideko espaloien lanen hurrengo faseekin jarraitzea, apurtutako eskailerak konpontzea, gaizki dauden lorategiak egokitzea, Musakolako zaharrentzako aulki berriak eta ergonomikoak jartzea, kaleetako argiak eta etxebizitzetarako sarbideak hobetzea eta Musakolako eta Arrasateko haurrentzako haur-parkeak hobetzea.

Bestalde, etorkizuneko proiektuen informazio faltagatik kezkatuta gaude. Horien berri komunikabideetatik izaten dugu; adibidez, Musakolatik Gernika pasealekura izango den Santa Teresarako igogailua. Uste dugu kokalekua ez dela egokiena, hobeak baitaude. Musakola Herri Eskolako estalkiaren etorkizunak ere kezkatzen gaitu. Gure ustez, Musakolak mota honetako estalkia behar du, erabilera desberdinetarako.

Bukatzeko, prest gaude Arrasateko Udalarekin biltzeko, etorkizuneko proiektuetan auzotarren ideiak ekartzeko.

Eskerrik asko.

----------

Iban Goñi

Musakolako batzordearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak