Gure herrietan ere, gehiengo zabal batek egiten du bat euskal presoen Euskal Herriratzearekin, baita dagozkien eskubideen errespetuaren exijentziarekin. Gure herriko udalbatzak ere horrela adierazi izan du eta horregatik egon da aldarrikapen hori presente gure udaletxeko fatxadan.
1996ko martxoan osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraituz jarri zen udaletxeko balkoian espetxe legea betez euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuen adierazlea. Udalak demokratikoki hartutako erabakia izan zen.
Euskal presoak Euskal Herrira dion banderola kentzeko agindua eman zuen, ordea, Donostiako Administrazioarekiko Auzitegiak, Espainiako Gobernuaren ordezkari Urquijoren eskaerari men eginez.
Eta Arrasatekoa ez da kasu bakarra: Alegiako, Astigarragako eta Oiartzungo udaletxeetatik kentzeko agindua ere eman zuen 2013an.
Honen aurrean, honako hau adierazi nahi dugu gaurkoan:
Ez dugu bat egiten auzitegiaren erabakiarekin. Euskal presoen eskubideak aldarrikatzean, gaur egun indarrean dagoen legedia betetzea besterik ez dugu eskatzen. Udalak demokratikoki onartutako erabakia izanik, preso dauden pertsonen eskubideak aldarrikatzen direla kontuan hartuta eta indarrean dagoen legedia betetzea eskatzea ez dugu inondik inora ere "neutraltasun politikoaren" urraketa gisa ulertzen.
Urquijoren jarduna ere salatu nahi dugu. Gobernuaren ordezkari gisa duen karguaz baliatzen ari da ez dagokion eremuan sartzeko, instituzioen autonomia zapaltzeko eta ukazioaren eta immobilismoaren aldarrikapena egiteko. Mehatxuetatik eta presoen eskubideen mespretxutik konponbidearen aldeko jarrerak bultzatzera pasatzeko eskatzen diogu.
Azkenik, euskal presoei dagozkien eskubideen errespetuaren aldarrikapenari eusteko gure borondate politiko irmoa adierazi nahi dugu.
Gure herrietako herritarren gehiengo zabalaren aldarrikapena gure egiten dugu eta aldarrikapen horiekiko gure konpromisoa mantenduko dugu.
----------
Inazio Azkarragaurizar
(Arrasateko Udal Gobernuaren izenean)
Arrasate