Erraustegi bat eraikitzeko asmoak eman zion gaiaren zabalkundeari hasiera. Deuseztatze sistema horri aurre egiteko hondakinen gaikako bilketa egokia antolatzea ezinbesteko zela ikusiaz, gaiaren eztabaida bilketa erarantz desbideratu zen.
Hainbat bilketa sistemaren ezarpenak egin dira azken urteotan. Herritarrek oso erantzun ona eman dute eta erraz asko moldatu dira etxeetan hondakinak behar bezala kudeatzen. Eredugarria izan da eskualdea horretan, Europa mailan ere bai. Horiek guztiak azken urte hauetan Debagoienean bizi izandakoak dira.
Eta orain, bizitako horiek guztiak bizi eta gero, hiri hondakinentzat zabortegi kutsakor bat eraikitzeko mehatxua ageri zaigu eskualdean; Bergaran, Epelen, hain zuzen. Diputazioak Gipuzkoako zabor nahasi gehiena gordeko duen zabortegia eraiki nahi digu Debagoienean. Papera, janari hondarrak, plastikoak, aluminioa, txatarra… batuko dituen eta arratoiak erakarri eta usain txarra sortuko duen zabortegia, alegia.
Hori onartezina da!
Lehenengo, zabortegi kutsakor bat izan genuen urteetan, horrek zekarzkien arazo guztiekin. Ondoren, erraustegi baten ondorio latzak jasan behar izan genituen; bestalde, gure eskualdeak, gaur egun, hainbat industriari eta gremio desberdinei isurtegi kontrolatua eskaintzen die. Baina orain, hondakin industrial ez arriskutsuen isurtegi horretan, hiriko zabor kutsakorra bota ahal izateko aldaketak egin nahi dituzte.
Nahikoa da!
Eskualdea hain ondo ari denean, %78ko gaikako bilketa maila lortu duenean, zein argudio dituzue inposizioa horrekin aurrera jarraitzeko?
Zabortegiari buruz galdeketa egingo duzuela espero behar al dugu?
Izan ezazue ingurumenarekiko eta herritarrekiko begirune bera. Hobe lukete beste eskualde batzuek zabortegiaren inposizioa, behar den bezala hondakinak biltzeari aplikatuko baliote… ez genuke horrelako zabortegi eta erraustegi munstroen beharrik izango.
Debagoienean zabortegi kutsakorrik ez, ez eta ez!
----------
Iker Azagirre Yurrebaso
Arrasate