Mundua amesten, etxeko sofatik

Erabiltzailearen aurpegia Itxaro Artola 2020ko mai. 1a, 00:00

Pandemiaren biharamunaz idazteko proposamena jaso eta, konturatzerako, Perlataren Nondik hasi abesten ari nintzen. Bitxia da gero nola datozkigun burura inkontzienteki garuneko disko gogorrean artxibatuta ditugun doinu, testu edo irudiak. Kulturak bizi gaitu, bai. Egun batean gure egin genituen doinu, testu edo irudiez osatuta gaude, indibidualki zein kolektiboki. Konfinamenduan nabarmena izan da. Eta, halere, ze gutxi zaintzen ditugun emari horien iturriak.

Kulturaz idaztera noa, bai, arrisku guztiak hartuta. Kontziente bainaiz fribolitate hutsa iruditu dakizuekeela txolopote lazgarri honetatik noiz eta zelan aterako garen ideia zipitzik ez dugunean. Nire ustez, aldiz, une egokia da kulturgintzaren debatea ere mahai gainean jartzeko, hain zuzen ere, gordinetan gordinena izan daitekeen etorkizuna ate joka dugulako.

Pandemia honek ehunka irakaspen utziko dizkigu, baina irudipena daukat badela bat honezkero askori barruraino sartu zaiguna: interdependentzia. Jada XVII. gizaldian utzi zuen idatzita John Donnek, "inor ez da irla, inor ez da bere baitan oso", baina orain ulertu dugu ze handia den komunitate bateko kide izatea. Baikorra izan nahi dut eta pentsatu, lezio hori lagungarri izango zaigula honezkero izen-abizenak dituen aro berrian, post-Covid aroan, herri gisa aurrera egiteko. Izan ere, jai daukagu gure txikitasunetik ikuspegi komunitario eta kohesionatu batekin erantzun ezean.

Artikulatze sozial horretan, kulturgintzak giltzarri izan behar du, talde sentiarazten eta mugiarazten gaituen sistema kreatibo, produktibo eta erreproduktiboa delako kultura, hizkuntza barne. Eta zapalkuntzan bizirauten duen herri batentzat, erresistentzia, ahalduntzea eta burujabetzarako laborategi. Amestea dagokigu orain, berramestea aukeran, eta kulturgileak behar ditugu amets horiei forma eman eta imajinario berri bat sortzeko.

Arazoa da kulturgintza desprestigiatutako sektorea dela gure artean. Ziurgabetasun laborala, desenplegua, pobrezia mailaren azpiko soldatak, ordaindu gabeko lan militantea... horixe da argazkia aspaldidanik. Koronabirusa iritsi zenerako, Zainketa Intentsiboen Unitatean zegoen eta kolpe hau askoren akabera izango da, 2008ko krisi-finantzarioaren ondoren bezala, kulturari eta euskarari lotutako gastuak badira Administrazioko erakunde publikoek sakrifikatzen dituzten lehenak. Erreskate gisako dirulaguntza batzuk agindu dizkiete oraingoan, baina adabakiak bainoago zentralitatea emango dien herri-proiektu serio bat behar dute. Dekorazio eta propagandarako erabiliko dituzten erakundeak baino gehiago, euren funtzio komunitarioa aitortuko eta duinki bizitzeko lain babestuko dituztenak, beste sektore produktibo bat bezala. Baina, bultzada sozialik jaso ezean, Administrazioak nekez lagunduko ditu, kulturgintza boterearen etsai naturala baita definizioz eta bokazioz.

Horra, bada, nire proposamena etxealdi honetarako: balora dezagun zenbat lagundu diguten etxealdi honetan eta jar gaitezen gure kultur ohiturak birpentsatzen. Zer eta non kontsumitzen dugun, nori egiten diogun mesede, amesten dugun munduaz koherente garen. Jaten edo erosten dugunaz bezala, hain justu. Gaurdanik hasi gaitezke, etxeko sofatik mugitu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak