Elkartu dira koadrilarekin eta gonbidatua galdezka hasi da: Zein da euskal hiriburua? Zalantza-aurpegiak. Ez dugu bakarra, erantzun dio ausartenak. Badugu! Iruña!, sutsuenak. Ja, zuk nahi, bai! Hori historikoa da. Orain ezberdinak ditugu, lurraldeka, Zuzenbide ikasleak.
Eta nongoa da balkoiko bandera gorria?, jarraitu alemanak. Orain, nafarrena. Baina lehen euskaldun guztiona, sutsuak. E, txo, Nafarroakoak errege-koroia darama! Balkoikoa Erresuma garaian erabiltzen genuen. Eta hasiera batean beste ikur hori, gaineratu, Historia ikasle denak, paretako arrano beltzari begira. Bai, halere, gaur egun ikurrina da ikur nazionala, abokatuak. A, eta nazioa nola duzue antolaturik? alemanak. Nazioa bat da, sutsuak. Bai, baina zatiturik gauzkate. Bitan, edo hirutan, segun… Zazpi herrialde gara berez, edo sei…, ausartak, zalantzati.
Eta zenbat zarete? alemanak. Euskaldunak ala euskal herritarrak?, itzuli diote galdera. Ez da gauza bera, ala? Ez, euskal herritar guztiak ez dira euskaldunak!, sutsuak. Euskaldunak igual bai, baina euskaradunak ez, Zuzenbidekoak. Eta Katalunian nola lortu…, hasi da alemana. Uf, utzi, utzi… moztu dio sutsuak. Abestuko dugu? Zenbat geraaa, lauuu baaat…