Bere buruari harrika egitea da nire ustez. Nor izateari uko egitea. Ez dudalako ikusten emakume beregaina izateko modurik ez bada feminismotik.
Gizonen kasuan ere, itsukeria eta sentsibilitate falta larria iruditzen zait feminismoari bizkar ematea. Ez soilik emakumeen egoerarekiko, baizik eta, oro har, bidegabekeria sozial ororekiko. Horien guztien erantzulea bat eta bera delako: patriarkatutik eraikitako eredu sozioekonomikoa.
Egia izan arren feminismoaren sorreran xedea emakumeen diskriminazioarekin bukatzea zela, denboraz garatu diren korronteek ikuspegi zabalagoz fokatu dute arazoa. Alegia, kontua ez da bakarrik emakumeen egoera hobetzea, baizik eta, horretarako, jendarte-eredua aldatzea. Eta horrek egiten du beharrezko feminismoa, edonorentzat. Feminista izatea solidario izatea delako. Aniztasuna aintzat hartzea. Aukera berdintasunean sinestea. Justizia sozialaren alde borrokatzea. Talde kontzientziaz jokatzea. Botere erlazio oro zalantzan jartzea… Hau da, sistema iraultzeko behar duguna. Baita gure herriari etorkizun benetan desiragarri bat emateko ere.
Badatoz Arrasateko Jardunaldi feministak. Ea esnarazten gaituzten.