"Gipuzkoako azpiegiturak, ongizatea eta justizia soziala"

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Arrupe 2012ko ots. 10a, 01:00

Abertzaleon helburua justizia soziala eta aurrerapena gailenduko diren...

... Euskal Herria independentea lortzea da. Hori da gure ametsa.

Baina benetako independentzia lortzeko ez da burujabetza politikoa bakarrik bermatu behar, baita burujabetza ekonomikoa, soziala eta kulturala ere.

Euskal Herri independentea bai, baina beste herrialdeekiko komunikaziorik gabe eta bere buruari begira egongo den Euskal Herririk ez.

Independentzia hori lortzeko jorratu behar den nazio eraikuntzak, nahi eta nahi ez, azpiegitura desberdinen beharrera garamatza:
Industriaguneak. Lanpostuak sortuaz, aberastasuna sortu eta berau banatzeko.

Errepideak. Lurralde ezberdinen artean oreka izateaz gain, elkarren arteko irisgarritasuna baldintza onetan bermatzeko. Euskal Herriko edozein txokotan bizi arren, negurik gogorrenean ere, modu seguru eta azkar batean ospitalera heldu ahal izateko.

Unibertsitatera joan ahal izateko. Lanera joan ahal izateko. Hiriburuetan eta inguruko beste herrietan antolatutako ekitaldi kulturaletan parte hartu ahal izateko. Gure enpresek, konpetitibitate handiagoa izan dezaten, bideak errazteko. Gure segurtasuna bermatzeko.

Portuak, aireportuak eta trenbideak, berton ekoiztutako produktuak mundu zabalera modu azkar batean esportatu ahal izateko.

Euskaldunok atzerrira egiten ditugun bidaien joan-etorria modu azkar eta erosoagoan egin ahal izateko. Kongresuetara, ferietara, bai makina bat muntatzera edo bai euskaldunok atzerrian dauzkagun (gero eta gehiago, gainera) lantegi eta enpresak kudeatzera errazago joan gaitezen. Nabarmena baita atzerrira gero eta sarriagotan joan beharra daukagula.

Beraz, azpiegitura hauen aurka agertzen direnek, Euskal Herria eta Gipuzkoa desberdin bat aldarrikatzen dutenek, beraien eredu alternatiboa zein den azaldu beharko lukete. Gipuzkoa da Estatuko langabezia tasa baxuena daukan lurraldea. Horretan badu zerikusirik azpiegitura horien guztien eraikuntzak.

Herrigintzak aurrera garamatza. Proiektuak gelditu eta ezer ez egiteak, ordea, atzera.

Deskargan tunela eraiki eta Urretxu eta Bergara artean autobidea burutzea aurrerapena eta herri eraikuntza da.

------------------------------

Ibon Arrupe
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak