EAJko Udal Gobernuak martxan jarri zuen egitasmo euskaltzalea urardotu nahi da. Inork pentsa badezake orduko egoera eta gaurkoa ez direla berdinak, kontuan izan beharko luke euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen duela ordenamendu juridikoan; gaztelera jakitea betebehar bat da, baina euskara borondatezko hautua. Ikus horren harira epaileak aspalditxoan ematen ari diren ebazpenak.
Komunikazio alorrean ez gaude hobeto; tradizionalak ugaritu ez, eta mundu digitalaren etorrerak gaztelerazko eta beste hizkuntza batzuetako edukiak biderkatu egin ditu, euskararen kaltetan.
Egoera diglosikoan jarraitzen dugu, eta, ezagutzan aurrera egitea lortu badugu ere, erabilpenean ez dugu neurri berean aurrera egin. Ondorioz, hor dabiltza euskara eragileak, administrazioak eta mugimendu sozialak, eskutik helduta, diglosia egoeraren ondorioak leuntzeko irtenbideak asmatu ezinik.
Impasse horretatik onik irten nahi badugu, ezinbestekoak izango dira kontsentsu zabalak eta lankidetza publiko-pribatua. Esango nuke aldebakarreko ekimenek ez dutela bidea samurtzen.
Korapiloak askatzen saiatzen garen bitartean, albiste ona da euskara menderatzen ez dutenek argitaratzen den horren berri izan nahi izatea. Balioa ematen diete Kontzejupetik-i eta tankerako beste hedabideei.
Jakin-min hori asetzeko irtenbidea edukiak gazteleratuta ematea da? Euskaraz idatzitakoa eskuratzeko bide egokia du hizkuntza ezagutzen ez duenak: itzultzaile neuronala. Aldizkariko edukia kopiatu eta itzultzailean itsatsita, berehala aseko du jakin-mina, euskarara hurbilduz eta gure eraikuntza komunikatiboak errespetatuz.
Itzultzailea hobetu egin daitekeela? Bai; erabiliaz.