Eskuinak ere bai. Argentinako presidente Javier Milei da horietako bat. Estatuaren deuseztapenean eta merkatuaren mekanismoetan oinarritutako askatasunaren aldarrikatzaile sutsua, honako hau zioen duela gutxi: "Baina nork uste du jendea hain dela ergela ezin izango duela erabakirik hartu? Goseak hilko den unea iritsiko da, eta, ondorioz, erabaki bat edo bestea hartu beharko du ez hiltzeko".
Beste aurpegi batzuek, berriz, estatu indartsu bat beharko dute euren eredu sozialekonomikoa inposatzeko. Hori bai, beti eskainiko digute zerbeza bat hartu ala ez erabakitzeko askatasuna, eta, nola ez, edaritegia hautatzekoa ere bai.
Azkenaldi honetan beste aurpegi bat ari zaigu agertzen: euren buruarentzat onuren bila, Interneteko aukerak maltzurki erabiliaz ustelkeriaren eta kastaren aurka borrokatzen omen direnak.
Aurrekoak eskuinak dituen aurpegietako batzuk baino ez dira. Gauza bat dute komunean: programarik ezean, erakargarriak diren hainbat kontzeptu maltzurki erabiltzea, hala nola askatasuna eta ustelkeriaren aurkako lana. Egiazki eskubide sozialak, emakumeenak eta gutxiengoenak, are nazio gabeko estatuenak ezabatzea helburu.
Eskuinak badu beste bereizgarri bat: zazpi buruko Hidrari bezala, buru bat moztuz gero beste bat hazten zaio. Beti hor dirau, eta, saiatu arren, nekez akabatu daiteke, beti izango dituelako buru berriak.
Herkulesek akabatu omen zuen Hidra. Herkules baten faltan, ordea, guztion lanak behar du munstroa geldiaraztea. Horrela ulertu du Mbappe futbolariak ere Frantziako hauteskundeen bezperatan. Unai Simonek, berriz, hauteskunde horiek urruti ikusten dituenez, nahiago izan du baloia kanpora bota eta kornerrera bidali.
Nire bila etorri zirenean ez zen geratzen protesta egin zezakeen inor, dio Martin Niemöllerren poema ezagunak.