Otsailean bertan Legebiltzarrak EAJren, PSEren eta EH Bilduren arteko adostasunarekin onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen onarpenari beste hiru jarraitu zaizkio: Lankidetza eta Elkartasunarena; Haur eta Nerabeen Eskubideena; eta Trans legea. Kasu guztietan, gutxienez aipatu hiru alderdi horien onarpenarekin. Are gehiago, onurak jasoko dituzten kolektiboen onespenarekin. Egia da alderdien arteko desadostasun nabarienak beste esparru batzuetan izaten direla, baina ez da gutxi, sikiera, lau gai horiek adostasun handiz onartu izana. Eta ez dira bakarrak.
Nafarroako egoerari begiratzen baldin badiogu, lurrikara politiko itzela ekarri du Iruñeko Udalean zentrotik ezkerrerako indar politikoek eskuina baztertu eta hiriburuko alkatetza ezker abertzalearen esku uzteko lortutako akordioak. Adostasun horrekin ere, politika egiteko beste modu bati ateak ireki zaizkio, nafar jendartearen aniztasuna ahaztu gabe gehiengotik gertuago dagoen gobernu bat aukeratuz. Eredu hori esportagarria dela dioten ahotsak ere entzun dira.
Urruti geratu dira sektakeria eta arerio politikoa etsai bihurtzearen ondoriozko mespretxu eta oldarkorkeria. Gaur ikus eta ikas dezakegu politika egiteko beste modu batzuk badaudela, eta, tentsio batzuk desagertu diren neurrian, elkarrekiko errespetuan eta bizikidetzan oinarrituz urrats sakonak gin ahal izan direla eduki sozial esanguratsuko legeak ia aho batez onartzea ahalbidetuz.
Bitartean, ez da giro Ebrotik beherako politikaren alorrean; urak hazita eta nahasi datoz. Gurean, berriz, uraren baretasunak oasi berri bat sortu du, beste zentzu batekin maiz erabili izan den metafora baten bidez definitzearren.