Bi kulturgile handi, denbora hartan Euskal Herriak behar zituenenetakoak eta korronte nagusien kontra euren jarrerak defendatzen jakin zutenak.
Biek ikasi zuten euskara, etxean ezin izan zutelako jaso, bata Bilboko familia aristokratiko erdaldun batean jaio baitzen; Parisen xiberotar migratzaile euskaldun hutsen seme bestea. Hizkuntza zaletasunak hainbat hizkuntza menderatzera eraman zituen biak.
Federico euskaltzain oso izendatu zuten oso gazterik, eta Aita Villasanteren harrera ekitaldian Eliza kritikatuz egindako harrera-diskurtsoagatik erbesteratu behar izan zuen, 25 urteko kartzela-zigorra jokoan.
Mirandek bretoiera ikasi zuen euskara baino lehen eta hizkuntza zeltikoetan aditu bihurtu zen. Eta Bretoieraren Akademiaren kide. Euskaltzain oso izateko proposatu bazuten ere, uko egin zion, batzuen kontrako jarrera ikusita.
Konformagaitzak, aldaketa ideologiko sakonak izan zituzten bizitzan zehar. Krutwig euskaltzaina ETAko ideologoa zen, gerora aldendu egin bazen ere. Helenista sutsu bihurtu zen eta azken urteetan Sophopolis izeneko jakituriaren hiria proposatu zuen euskal gazteen elitea hezteko asmoz. Mirande ere helenismoaren miresle, jarrera naziengatik izan zen ezaguna eta arbuiatua.
Leizarragaren euskara kultuaren aldeko apustua egin zuten batasun bidean. Euren tesiek ez zuten aurrera egin, baina, beste asko bezala, euskara modernoaren sorkuntzan langile aktibo izan ziren.
Jaiotzaren mendeurrena dela eta, atzerapenarekin argitaratu den liburua eskaini dio Nabarraldek F. Krutwigi, eta Miranderi toki berezia eskaini diote Deabruaren eskola webgunekoek. Baten batzuek gogoan izan dituzte.