Aerosorgailuak eta plakak

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2022ko aza. 26a, 00:00

Berriki egin den Gure Lurra 5 ekitaldiaren barruan solasaldi bat egon zen lehen sektoreko eragile gazteekin.

Azpeitiko Premietxeberriko etxekoandre gazte batek negar-zotinka eskatu zien bertaratu agintariei Urola aldean aerosorgailuak jartzeko proiektua gerarazteko, euren lur eta baliabide onenak hondatzen baitzituen Statkraften asmoak.

Bi bide nagusi ezagutzen ditugu energia berriztagarria ekoizteko: aerosorgailuena, inbertitzaile handiena; eta plaka fotovoltaikoena, komunitarioa eta demokratikoagoa izan daitekeena 2018an Europar Batasunak onartutako zuzentarau baten arabera.

Efizientzia energetikoaren aldetik errentagarriena ez bada ere, garbi dago herrietako teilatu eta estalkiak plaka fotovoltaikoz betetzearen inpaktu ekologikoa aerosorgailuena baino askoz txikiagoa dela; urbanistikoa, hutsaren hurrengoa. Arantzazuko basilikaren edota Oñatiko unibertsitatearen originaltasun eta edertasunak ez daude teilatuetan, beste elementu guztietan baizik. Bietatik edan beharko badugu ere, lehenetsi ditzagun plakak mendi-hegiak aerosorgailuz betetzearen aldean.

Dirudienez, gure instituzio batzuk energia ekoizpenerako bide hau urratzen hasi dira motelki. Oztopoetan ez dira txikienak energia merkatuaren egitura oligopolistikoa eta berak sortzen dituen barrerak. Horregatik, agian, ezin izango dira plakak lortu urtebeteko epean; izan ere, jakin berri dugunez, eskaintza dagoeneko eskaria baino askoz txikiagoa da. Eskaintzaren eta eskariaren legeak ez ditu egoera zailetan erantzun bizkorrak ematen.

Une larrienetan gure enpresa-ehuna gai izan da gabeziei bizkortasunez erantzuteko; adibidez, musukoak ekoizteko makinak asmatuz. Jakituria eta ezagutza ez ditugu falta. Instituzioen borondate irmoa beharko dugu erabakitasunez aurrera egiteko. Eta ez dakit behar adina dagoen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak