Corpus jaiak eta zarata

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2022ko eka. 25a, 00:00

Corpusetako programa jaso dut: dantzak, musika eta prozesioak oinarrian, festa kutunak herritar askorentzat.

Onerako bereziki deigarria gertatu zaidan puntu bat aipatu nahi dut; hots, 18an, larunbata, barraketako soinu-ekipoak eta sirenak bi orduz itzaliko direla, aniztasun funtzionala duten haurrentzat eta gaztetxoentzat.

Ez dut gogoan lehenago horrelako erabakirik hartu izan denik, agian bai, baina, edozelan, lerro hauetara ekartzeko moduko ideia aurrerakoi eta apurtzailea iruditu zait. Lehenengoz izan ala ez, gehiegizko zaratekin arazoak dituzten umeen eta gaztetxoen osasuna kontuan hartzea txalogarria da.

Zarata gure osasunaren etsai isila da. Isila, entzungor jokatzen dugulako, baita gure agintariek, sortzen dituen arazoen inguruan: gorreriaz aparte, estresa, lo-arazoak, bihotzekoak, frogatuenak aipatzearren. Baina haurrek eta gaztetxoek bakarrik ez, helduek ere zarataren ondorioak jasaten ditugu, eta badira, gure artean ere bai, zaraten gaia bereziki nozitzen dutenak; hiperakusia jasaten duten pertsonak, adibidez.

Euskadiko 10/21 legeak, Euskadiko ingurumen administrazioarenak, honela dio 6. artikuluan pertsonen betebeharrak zehazterakoan: Hondakinen sorkuntza, atmosferara egindako isurpenak, zarata, bibrazioak, hauts- eta argi-kutsadura, usainak eta uretara edo lurzorura egindako isurpenak saihestekoa edo, hala badagokio, murriztekoa.

Ondo dago, beraz, norbanakoak arazo honetaz jabetu eta ondorioez kontziente izatea, baina ez da aski izango administrazioek hau guztia arautu eta araudiak betearazteko erabakiak hartu ezean. Oñatiko Udalak egindako urrats hau txalogarria izanik, anekdota hutsean geratuko da ez bazaio heltzen petardo eta etxafuegoak botatzeko gaiari, edota taberna eta kirol lehiaketetako megafonien ekipoen gehiegizko zaratarenari, besteak beste.

Izan gaitezen ausartak eta hel diezaiogun arazoari irmoki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak