2020ko datuei erreparatuz gero, txirotasuna areagotu egin da EAEn eta Debagoienean. Pobrezia-arriskuan zeudenak %5,7 izatetik 2008an %8ra iritsi dira, orokorrean, eta eskualdean %1,2tik %4,2ra. Hilaren 26an Gipuzkoako egunkari batek eman zuen datuaren arabera, %9,13 da EAEn pobrezia arriskuan dagoen populazioa.
Zenbakiak kezkagarriak izanik tendentzia bat erakusten dutelako, are kezkagarriago da jakitea 35 eta 54 arteko biztanleen artean daudela pobrezia egoeran daudenen %60. Uste genuenaren aurkako irudia ematen duten datuok Eustatetik jasoak dira.
2008aren aurretiko adreiluaren eta zorpetzearen aroak ameskerian biziarazi gintuen. Etxebizitza berriak, auto berriak, bidaiak, kontsumismo neurrigabea... baina ordurako, mileurista hitz asmatu berria lan merkatuan sartzen ari ziren belaunaldi berrien patua adierazten ari zen. Gaur egun, asko dira mileurista izateaz amets egiten dutenak, eta erreferentzia bezala hartutako urtean baino askoz gehiago dira gaur lan finko eta duin batekin amets egiten dutenak.
Zaila da etorkizunean argi izpi bat ikustea. Globalizazioa kapitalismoaren pasteletik jaten ez zuten herrientzat onuragarria izan den heinean, ondorio txarrak utzi ditu mendebaldeko ekonomietan. Lan eskaintza murriztu egin da eta kualifikazio bat eskatzen duten eginkizunetara bideratzen da. Besteentzat dagoen aukera bakarra, aldikako eta jardunaldi murriztuko lan-jardunak kasurik onenean, eta Bizitzeko Gutxieneko diru sarrerak, irauten duten bitartean.