Kontua ez da errudunak bilatzea, pertsona batzuk, adin geruza bat edo toki batzuk kriminalizatzea, birusek edozein jarduera sozial kutsa baitezakete, berdin elizako otoitzak, tabernako gin-tonika, edo buseko joan-etorriak, nahiz eta nahiko zantzu badagoen Oñatin oso bide jakin batetik zabaldu dela ziurtatzeko.
Maslow-k osasuna jarri zuen bere piramidean behar larrienen artean. Behin hori aseta has zitekeen norbanakoa giza harremanetan pentsatzen. Oraingo egoerak bere ikerketaren emaitza erabat baieztatu du, gehiengo batek mugatu eta murriztu egin baitu bere borondatez gertuko harremanen mundua. Eta hori izango da epe laburrean, bederen, aro honen ezaugarria. Osasun kolektiboa bermatu beharko dugu norbanakoen harremanen kaltetan.
Denok batera, zahar eta gazte, hainbat jarrera garatu behar izan ditugu eta indartu beharko ditugu, guztiok inplikatu ezean alferrik izango delako. Erantzukizuna eta besteekiko elkartasuna ezinbestekoak dira, eta horiei hobeto eusteko pazientzia eta erresilientzia. Erresilientzia, arrisku-egoerei edo esperientzia traumatikoei aurre egin eta indartuta ateratzeko dugun ezkutuko ahalmena, edota ekologiaren ikuspuntutik aztertuta, bizidunen komunitateak perturbazio eta aldaketak jasateko duten ahalmena, euren egitura nabarmen aldatu gabe, eta perturbazio hori desagertuta lehengora itzultzeko duten gaitasuna.
Horrela jokatuz bakarrik egingo dugu aurrera. B. Bretchek zioen: Denok ala inor ez, dena ala ezer ez/bakarka ezin da/fusilak ala kateak (idatzi fusilen eta kateen ordez egokien deritzozuna).